Asteburuan hasiko dira Zuberoako maskaradak
2017-01-20 10:16 KultureaApirilera bitartean, herririk herri ibiliko dira Pettarre eskualdeko sei herritako gazteak, 2017ko maskaradea antzezten.
Herri bakarra barik, sei izango dira aurtengo maskaradako antolatzaileak. Ezpeize-Ündüreine, Ürrüstoi-Larrabile, Ainharbe, Sarrikota, Onizepea eta Mitikile dira, Pettarra eskualdekoak guztiak. Zuberoako hiru eskualde nagusietako bat da Pettarra. 2008an inguru haretan sortutako Jauna alkartearen ekimenez ekin ahal izan jako aurtengo maskaradeari.
Domekan, hilak 22, hasiko diran emonaldietan, sei herriotako 35 gazte inguruk parte hartuko dabe. Ohi baino gazteagoak dira gehienak. Egunotako hotzari aurre eginda, azkenengo entseguak egin ditue eta hurrengo lau hileotako martxeari ekiteko prest dagoz. Maskaradaren antolatzaileen artean dagoz Allande Davant eta Filipe Uthurralt. Jantzarien irakaslea Margot Fauri izan da, Dantzan atariak zabaldu dituan datuen arabera.
Barritasunen artean, Dantzan-ek aitatu dau Kerestuak hirukotea izango dirala aurten, bi izan beharrean. Era berean, hamar aitzindari egongo dira eta aitzindari bakotxean jantzari bi.
Urtarrilaren 22tik apirilaren 30era, Zuberoako 15 herritara helduko dira maskaradak. Ganera, maiatzaren 7an Gipuzkoan egingo dabe emonaldi berezia, Tolosaldean. Urteko lehenengo saioa domekan, goizeko 9:00etan hasiko da. Ezpeizen, maskaradea antolatu daben herrietako baten, izango da estreineko saio hori.
Hau da 2017ko maskaraden egutegia:
-Urtarrilak 22: Ezpeize
-Urtarrilak 29: Gotaine
-Zezeilak 5: Altzai-Lakarri
-Zezeilak 12: Altzürükü
-Zezeilak 19: Müskildi
-Zezeilak 26: Pagola
-Martiak 4: Maule
-Martiak 11: Idauze
-Martiak 18: Iruri-Zalgize
-Martiak 26: Urdiñarbe
-Martiak 2: Larraine
-Martiak 9: Hoki
-Martiak 16: Barkoxe
-Apirilak 23: Gamere
-Apirilak 30: Ürrüstoï
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!