Zezeilaren 17ra arte dago CAF-Elhuyar sarietan izena emoteko epea

Bizkaie! 2017-01-20 09:44   Kulturea

CAF-Elhuyar sarien helburuak dira zientzia eta teknologiaren arloko gaien eta ikerketen euskerazko dibulgazinoa, kazetaritzea, eta gizarteratzea bultzatzea, saritzea eta autortzea.

Hiru kategoria dagoz sariketan: batetik, dibulgazino-artikulu originalak. Kategoria honetan, euskeraz sortutako zientzia eta teknologiaren dibulgazino-lanak aurkeztuko dira. Bestetik, zientzia-kazetaritzearen arloko lanak. Kategoria honetan, 2016an euskeraz sortu eta argitaratutako kazetaritza-lanak aurkeztuko dira, edozein formatu eta generotakoak. Azken buruan, zientzia gizartean sorkuntza-bekea. Kategoria honetan, zientziaren/teknologiaren eta gizartearen arteko alkarrekintzea landuko daben proiektuak aurkeztuko dira, euskeraz sortuak. Proiektuek izaera zientifikoa, artistikoa zein soziologikoa izan leikie, eta arlo zientifikoa eta soziala hartu-emonetan jartea izango da muina.

Horrezaz gan, NEIKER sari berezia dago. Lehen bi kategoriatako lanen artetik (dibulgazino artikuluak eta kazetaritzakoak) lehen-sektoreagaz loturea dauen lan onenari emongo jako sari hori. Beste sariakaz bateragarria izango da, hau da, lehen sektoreko lan onenak beste kategoria bateko onena be badan kasuan sari biak jasoko ditu.

Dibulgazino-artikuluen artean, euskeraz sortutako zientzia eta teknologiaren dibulgazino-artikuluak aurkeztuko dira, originalak eta sekula argitaratu bakoak; itzulpen edo moldaketarik ez da onartuko. Beste sariren bat jaso daben lanak be ez dira onetsiko.

Dibulgazino-artikuluak aurkeztu ahal izango dira: (i) zientzia eta teknologia gai bati buruzko dibulgazino-artikulu orokorrak, batetik, eta (ii) sariketara aurkezten dan autorearen doktore-tesian oinarritutako dibulgazino-artikuluak, bestetik. Doktore-tesietan oinarritutako artikuluen kategorian zientzia eta teknologiaren arloko doktoretesiei buruzko dibulgazino-artikuluak bakarrik onartuko dira, eta 2015eko urtarrilaren 1etik 2016ko abenduaren 31ra bitartean aurkeztutako tesiak baino ez dira kontuan hartuko.

Artikuluek, gehienez, 10.000 karaktere izango ditue, hutsuneak zenbatuta. Muga horretatik kanpokoak ez dira kontuan hartuko. Jagokezan irudi eta grafikoez horniduko dira.

Elhuyar etxeak konpromisoa hartzen dau saria jaso daben dibulgazino-artikuluak bi urteko epean argitaratzeko, eta egileei ez jagoke horregaitik ezelako kontraprestazinorik. Elhuyarrek bereganatzen ditu artikulu saridunen ustiatze-eskubide guztiak (erreproduziduteko, banatzeko, gizarteratzeko eta transformatzeko eskubideak barne); beraz, nahi dauen bide, euskarri eta formatuan argitaratu ahal izango ditu nahi beste aldiz. Elhuyarrek, besteak beste, Elhuyar Zientzia eta Teknologia aldizkarian eta www.elhuyar.eus, aldizkaria.elhuyar.eus, eta www.zientzia.eus webguneetan argitaratu ahal izango ditu artikulu saridunak.

Saritu bako artikuluei jagokenez, Elhuyarrek nahi dauen bide, euskarri eta formatuan argitaratu eta zabaldu ahal izango ditu sariketara aurkeztutako eta saririk jaso ez daben dibulgazino-artikuluak, eta egileei ez jagoke horregaitik ezelako kontraprestazinorik. Hala ere, Elhuyarrek lan horiek argitaratzeko eta hedatzeko eskubidea besterik ez du bereganatuko, eta egileei dagozkie artikuluen gaineko ustiatze-eskubide guztiak.

Zientzia-kazetaritzaren arloko lanotan, zientzia eta teknologia-gaiak berbagai dituen euskearazko kazetaritzalanak aurkeztuko dira: egunkarietan argitaratutako
erreportajeak, telebistan emitidutakoak, Interneten argitaratutako lanak, irrati-emonkizunak...

Lanek 2016ko urtarrilaren 1a eta abenduaren 31 bitartean argitaratutakoak izan behar dabe. Lanak autoreak, autore-taldeak nahiz komunikabideak aurkeztu leikiez. Alabaina, saria autorearentzat edo autoreentzat izango da kasu guztietan. Autore bakotxak hiru lan aurkeztu ahal izango ditu gehienez be. Ezingo dira proiektu osoak aurkeztu, kazetaritza-lan zehatzak baino. Egokia baderitzo, epaimahaiak aukerea izango dau epe horretan argitaratutako kazetaritza-lan bat saritzeko, baita sariketara aurkeztu ez bada bere. Edozelan be, egileei eta komunikabideei dei egiten jake lanak aurkeztu deiezan sariketara.

Epaimahaia zientzia eta teknologiako zein artearen munduko eta kazetaritzako adituek osotuko dabe, eta Elhuyarrek izentauko dau. Epaimahaikoen erabagia 2017ko bagilaren 15a baino lehen emongo da aditzera.

Elhuyarrek antolatzen ditu CAF-Elhuyar sariak, CAF enpreseagaz batera, NEIKERen babesagaz eta Eusko Jaurlaritzako Kultura Sailaren diru-laguntzaz.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu