Lau euskal konpainia izango dira Freiburgeko arte eszenikoen nazinoarteko azokan

Bizkaie! 2017-01-20 08:05   Kulturea

Europako azokarik garrantzitsuenetako bat da. Agerre Teatroa, Dikothomia Cia, Kulunka Teatro eta Cielo Raso konpainiek euren lanaren barri emon ahal izango dabe han.

Kulunka Teatroren antzezlan bateko irudia | Ikusi handiago | Argazki originala

Lau euskal konpainiak parte hartuko dabe urtarrilaren 22tik 25era Alemaniako Freiburg urian ospatuko dan Internationale Kulturbörse Freiburg (IKF) arte eszenikoen azokan. IFK Europako azoka nagusietako bat da. Kale antzerkia, jantzea, antzerkia eta musikearen alorreko 350 erakusle eta 4.000 profesional baino gehiago alkartzen ditu urtero.

Esaterako, ekoizleak, programatzaileak, jaialdi antolatzaileak eta kultura erakundeak egoten dira. Aurtengo edizinoan, ganera, euskal ordezkaritzea egongo da, Etxepare Euskal Institutuaren eskutik bertoko lau konpainia Freiburgera joango dira eta.

Agerre Teatroa, Dikothomia Cia, Kulunka Teatro eta Cielo Raso dira euskal ordezkaritzarako aukeratutako konpainiak. Basque Arts izeneko standean, lau konpainien informazinoa eta kontaktuak eskainiko dira. Ganera, Euskal Herriko Kale Arteen Alkartearen, Artekaleren, Basque Street Arts katalogoa, ADDEren (Euskal Herriko Jantza Profesionalen Elkartea) katalogoa eta Basque Music euskal folk musikearen katalogoa egongo dira eskuragarri. Era berean, azokara joango diran nazinoarteko programatzaile eta adituei antzezlan eta proiektuak aurkezteko batzarrak egingo dira Basque Arts standean.

Euskal konpainientzat espazio aproposa da Freiburgeko IKF azokakoa, euren produkzinoak zabaldu, koprodukzinorako aukerak aztertu eta nazinoarteko kontaktuak egiteko. Bestetik,  IFK-n aukera parebakoa izango dabe nazioarteko produkzinoak ikusteko, jokera barriak ezagutzeko eta euren ibilbide profesionalerako ideak jasoteko. Azokan, zuzeneko 180 emonaldi baino gehiago egongo dira.

Beste alde batetik, Etxepare Institutuak nazinoarteko (Erresuma Batua, Alemania, Suitza, Katalunia…) hainbat kultur eragile eta kultur erakundegaz batzarrak egingo ditu, euskal sortzaileei nazinoarteko eszenatokietan jarduteko aukerea zabaltzeko asmoz.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu