Elkar argitaletxeak 9. Ilustrazino eta Ipuin Lehiaketea aurkeztu dau

Bizkaie! 2017-01-18 13:01   Kulturea

Haur, Lehen eta Bigarren Hezkuntzako neska-mutilei zuzendutako lehiaketa honek hiru kategoria ditu: Ipuina ilustrau, ilustrazino baten inguruan ipuina idatzi eta komikia sortu.

Elkar Ilustrazio eta Ipuin Lehiaketearen helburua ume eta gazteen artean irakurzaletasuna eta sormena bultzatzea da, argitaletxeak berak azaldu dauenez. Urtero antolatzen da sariketea eta aurten 9. edizinora heldu da. Hiru modalidade daukaz lehiaketeak.

Eskolako ikasturtearen arabera modalidade baten parte hartu ahal izango dabe umeek. Txikienentzat da lehenengoa eta honeek parte hartu leikee: Haur Hezkuntzakoek (A maila); Lehen Hezkuntzako 1. eta 2. mailakoek (B maila); eta 3. eta 4. mailakoek (C maila). Ipuin bati ilustrazinoak marraztu beharko deutsiez. Zehatz esanda, Ana Jakak idatzitako Haur bat espazioan ipuin laburra ilustrau beharko dabe. Marrazkiak edozein teknika edo estilotakoak izan leitekez eta A3 zein A4 orrietan aurkeztu behar dira.

Nagusiagoentzako ariketa alderantzizkoa izango da, hau da, ilustrazino bat oinarri hartuta, ipuin bat idaztea. Ainara Azpiazu Axpi ilustratzaileak egin dau irudia eta parte-hartzaileek orrialde bakarrean aurkeztu beharko dabe euren idazlana. Ordenagailuz idatzi beharko da. Kategoria honetan, Lehen Hezkuntzako 5. eta 6. mailako ikasleak (D maila) eta DBHko 1. eta 2.ekoak (E maila) sartuko dira.

Amaitzeko, helduenek, hau da, DBHko azken bi kursoetakoek (F maila), komikia edo binetea sortu beharko dabe. Gaia Euskal Herriaren historia izango da. Nahi daben teknikea eta materiala erabilita, A4 formako orrialde bakarrean entregau beharko dabe euren sorkuntzea.

Lehiaketan parte hartu nahi dabenek apirilaren 8ra arteko epea daukie euren lanak aurkezteko. Horretarako, Elkarren edozein liburu-dendatara jo leikee, bestela posta arruntez bialdu Elkarrera, edo postdata.elkar.eus plataformara igon. Epaimahaiak aukeratutako lan finalistak Irrien Lagunak webgunean eta Donostiako Aieteko kultur etxean ikusi ahal izango dira. Irabazleen barri maiatzaren 27a orduko emongo dabe.

Maila bakotxean (A-tik F-ra) saritu bi egongo dira. Danek jasoko dabe opari-txartel bana eta jolas hezitzaileen sortea. Nagusienek tabletak be izango ditue opari. Epaimahaian, ume eta gazte literaturearen inguruko adituak egongo dirala ziurtatu dau Elkarrek.

Lehiaketako oinarriak, hemen. Lehiaketarako beharrezkoak diran Ana Jakaren ipuina eta Ainara Azpiazuren ilustrazinoa ikusteko, hemen.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu