Pi.L.T. taldea oholtzara bueltauko da maiatzean

Bizkaie! 2017-01-22 08:22   Musikea

Hamarkada batez isilik egon ostean, maiatzean lau kontzertu emongo ditu Pi.L.T. taldeak, Bilbon, Atarrabian, Tolosan eta Gasteizen.

Bost taldekideak, Pi.L.T.-ren itzulerarako zabaldu daben argazki berezian | Ikusi handiago | Argazki originala

Sare sozialen bidez emon dau albistea Pi.L.T.-k, eta azken asteotako zurrumurruak egia zirala jakin da. Taldea bueltau egingo da, baina kontzertu gitxi batzuk emoteko baino ez. Ez dabe disko barririk iragarri. Taldekide izandako guztiak izango dira Pi.L.T.-ren itzuleran: Jose Manuel Sampedro Xanpe, Rafa Rueda, Aitor Abio, Txarli Solano eta David Gonzalez. Beraz, lehen laukote (inoz hirukote) izan zana, boskote bihurtuta dator.

Orain dala hamar urte baino gehiago eten eban bere bidea Pi.L.T.-k eta, taldekideek sare sozialetako oharrean azaldu dabenez, horrek beste proiektu batzuetan parte hartzeko aukerea emon deutse. Baina orain, barriro alkartzeko unea dala ikusi dabe: Une egokia eretxi deutsagu geure bideak barriro gurutzatzeko.

Ez dabe arrazoi jakinik emon Pi.L.T. orain berbiztuteko, zergaitik ez? galdetu dabe. Musikeak bizi gaitu, adierazo dabe, eta eskerrak emon deutsiez taldea bueltetako eskatu deutsien zale guztiei. Ez da erraza izan gure agendak bateratzea, baina ahaleginak merezidu dauelakoan gagoz.

Laster, beraz, Pi.L.T. barriro oholtzan ikusteko aukerea egongo da. Hain zuzen be, lau kontzertu emongo dituela iragarri dabe. Maiatzaren 5ean, Bilboko Kafe Antzokian; Atarrabiako Totem-en 6an; Tolosako Bonberenean 12an; eta Gasteizko Jimmy Jazzen 13an. Sarrerak salgai dagoz.

Rocka kirol arriskutsua izanik eta edadean gora goazela kontuan harturik, goi mailako kirolarien moduan, beharrezko azterketa medikoak gainditu eta zuokaz zuzenekoetan bat egiteko prest gagoz, esan dabe taldekideek sare sozialetako oharrean. Emonaldi gitxi batzuk baino izango ez diran arren, gogotsu gagoz emozinoz beteriko une honeek zuokaz konpartiduteko. Hortaz, laster iragarriko doguzan datetan alkar ikustea espero dogu.

Pi.L.T. edo Π L. T. 1992an sortu zan Mungian. Rock eta metal doinuak landu zituan hasikeratik eta 1990eko hamarkadako erreferentzietako bat izan zan euskal musikan. 1995eko maketan plazaratutako Hil da jainkoa abestiak emon eutsen ospea. Lehenengo lan haren ostean, beste lau disko atera ditue, azkena 2004ko Game Over. Harrezkero, geldirik egon da taldea, orain arte.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu