Jon Alonsok irabazi dau Tene Mujika bekea, Naparra kasuaren inguruko proiektuari esker

Bizkaie! 2017-01-16 12:49   Kulturea

Debako Udalak eta Elkar argitaletxeak antolatutako Tene Mujika bekearen bidez, Euskal Herriaren azken hamarkadetako historiaren ganeko lanak bultzatzen dira.

Jon Alonso idazlea (argazkia: Elkar) | Ikusi handiago | Argazki originala

Ipar Euskal Herrian errefuxiatuta bizi zala, 1980ko bagilean desagertu zan Jose Miguel Etxeberria Naparra, Komando Autonomo Antikapitalistetako kidea. BVEk hilketea bere gan hartu eban arren, Naparraren gorpua ez da agertu eta inork ez daki zer jazo zan. Jon Alonsok kasu horren inguruko proiektua aurkeztu dau eta Tene Mujika bekea emon deutso epaimahaiak.

Modu zintzoan eta autokritikeari ihes egin barik, bere belaunaldiak euskal gatazkearen ondorioak zelan bizi izan zituan kontetea da Alonsoren asmoa. Horretarako, Naparra kasua izango da Alonsoren idazlanaren ardatza. Izan be, Alonso eta Naparra ikaskideak izan ziran eta, beraz, neurri baten autobiografikoa be bada egitasmoa.

Alonsok onartu dau, ikaskide izan eta gero alkarregandik urrundu zirala eta Naparra desagertu zanean ez eutsala gertakariari arreta handirik emon. Orain, ostera, historia ha berreskuratu eta kontau nahi dau, Naparraren familiaren laguntzinoagaz. Naparraren gorpuaren aurkikuntzea be liburuan sartu ahal izateak poztuko leuke Jon Alonso. Ikerketea zabalik dago, baina orain arte ezin izan da gorpua topau.

Ez-fikzinozko idazlanen bidez, Euskal Herriko historiako oraintsuko gertakariak azaleratzea da Tene Mujika bekearen helburua. Aurtengo edizinoan, honeek izan dira epaimahaikideak: Alberto Barandiaran, Idurre Eskisabel eta Elixabete Garmendia. Behin bekea eskuratuta, Jon Alonsok urtebeteko epea dauka proiektua gauzatzeko. Lan hori Elkar argitaletxeak plazaratuko dau.

Jon Alonso Fourcade 1958an jaio zan Iruñean. Kimikan lizentziaduna da eta itzulpengintzan dabil lanean. Nobela ugari plazaratu ditu (azkena, Hiri hondakin solidoak), baita saiakera batzuk be. Ganera, atzerriko autoreak euskeratu ditu, esaterako Saramago eta Cortazar.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu