Deetron, Legal Shot eta Las Tea Party Dj’s 2017ko Art After Dark lehenengo saioan
2017-01-12 08:40 MusikeaDatorren urtarriralen 20an, Art After Dark egitarauaren beste saio bat hartuko dau Guggenheim Bilbao Museoak. Urteko lehenengo hitzordu honetan, Suitzatik datorren Deetron-en musika elektronikoa izango da. Orain hogei urte baino gehiago sartu zan agertoki musikalean. Orain, mundu osoko klub eta jaialdietan izaten da, bere hiru platereko saio, birnahasketa eta askotariko produkzinoak sano estimatuak baitira. Nahasketak egiteko egundoko gaitasuna dauka eta bere sortze-prozesuan biniloa funtsezko baliabidea da. 2013an, Deetronek house eta tekno musiken alorrean leku parebakoa izan eban, etiketa berezi bati loturik egon barik. Bere bigarren albumean, Music Over Matter, jantza-pistarako konposizinoak batu zituan, house eta tekno musiken munduko konbidadu berezi batzuekaz, besteak beste: Hercules & Love Affair, Seth Troxler eta Ovasoul, George Maple, Ben Westbeech aka Breach eta Fritz Kalkbrenner. 2014an, The Juan Maclean, High Contrast, Matador’s Glasser, Gorgon City eta No Artificial Colours taldeentzako birnahasketak egin zituan, eta erakutsi eban, barriro be, edozein generoko erronkak onartzeko kapaz dala. Deetronentzat musikea da dana, eta pasino eta emozino hori argi ikusten da bere Character diskoetxean. Diskoetxe horretako lehen lan biak 2014an agertu ziran dendetan: Mars (Deetron & Ripperton) eta Theory Of Light (Deetron). 2015ean, Deetronek birnahasketa-sail ikaragarria egin eban, Tiga & Huxley, Headless Ghost eta baita José Padilla be oinarri hartuta. Character diskoetxearen hirugarren lanean, Deetron beraren The Believer diskoan, Chicago eta Detroit uriakanako mirespena adierazo eban.
Kontuak kontu, gaueko 23:00etatik aurrera, Legal Shot-en txandea izango da. Taldeak Europako dub eta bass musiken eta soinu-sistemen agertoki txundigarria aberastu dau rub a dub estiloa eta digital jamaikarra eguneratuz, eta genero horreetako jaialdi guztietan erakutsi dabe disko-zorro ezin aberatsagoa dabela.
Gauari hasierea emoteko Las Tea Party Dj’s Bilboko bikotearen beste saio bat izango da. 2010ean batu eta gaur egun Fever aretoko DJ finkoak dira eta beren saioetan moombah zein trap jarten ditue, besteak beste. Entzuleakaz lotura bikaina sortzen dabe eta energia bizi-bizia eransten deutsee, jantzarako gogoa sortuz. Oraingoan, Las Tea Party DJ’s bikoteak hogeiko hamarkadako swing musikeagaz hasiko dabe saioa, musika elektronikoak emoten deutsen nortasuna ezelan be galdu barik, eta UK bass / future bass soinuakaz amaituko dabe.
Art After Dark saiora hurreratzen diranek, 22:00etatik 01:00era, Hermann eta Margrit Rupf Bildumea, eta Albert Oehlen: Irudiaren atzean erakusketez gozetako aukerea izango dabe; baita Guggenheim Bilbao Museoaren Bildumako maisulanak eta Fiona Tan artistearen Ekialdera begira, galduta bideoinstalazinoaz bere.
Sarrerea (18 urtetik gorakoak): 13 € publiko orokorra eta 9 € Museoaren Lagunak. Ikusle kopuru mugatua. Salgai txarteldegian eta www.guggenheim-bilbao.es webgunean
Ikusi argazki guztiak handiago
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!