Genero identidade eta adierazpenakaz lotutako kartela izango dau Zinegoak-ek aurten

Bizkaie! 2017-01-12 08:35   Zinemea

Ez gizon, ez emakume, muxe diran personak agertu nahi izan ditu Zinegoak-ek 14. edizinoko kartelean. Genero-identidadearen ganeko gogoetea bultzatzea da asmoa.

Zinegoak-eko antolatzaileak, kartela erakusten | Ikusi handiago | Argazki originala

Bilboko LGTB zinemearen eta arte eszenikoen jaialdiak, Zinegoak-ek, aurtengo edizinoko kartela aurkeztu dau. Jaialdiak 14. edizinoa beteko dau aurten eta muxe dalako bat da karteleko protagonistea. Nuria Lopez Torres argazkilari kataluniarraren argazki bat da kartelaren oinarria.

Mexikoko Tehuantepec lurraldeko Zapoteken kulturan, aspalditik dagoz muxeak, hau da, ez gizon ez emakume ez diran personak. Hirugarren generoa da muxea eta, Zinegoakeko arduradunek dinoenez, kultura haretan muxeak ez dira gizonak edo emakumeak baino gehiago ez gitxiago. Desbardinak dira, baina besteen parean. Ganera, antxinako kultura batzuetan hiru eta bost genero artean egotea ohikoa dala dinoe jaialdiko antolatzaileek.

Zinegoak-eko zuzendari Pau Guillenek azaldu dauenez, jente asko harritu egin leiteke, gizon eta emakumeetatik harago doazan generoak aitatzen doguzanean, baina gure inguruko herrialde batzuetan binariotasun horretatik kanpoko generoak onartzen dira modu ofizialean.

Nuria Lopez Torres kartelaren egileak sarri lantzen ditu halako gaiak: Generoa, nortasunak, sexualidadeak, indarkeria... Kartelean agertzen dan personea, Estrella, Tehuantepec lurraldeko muxea da.

Orain arte, Zinegoak jaialdiko kartelak lotuta egon dira sexu orientazinoagaz (gay, lesbiana eta bixualak, adibidez), edo transexualidadeagaz (igazko kartela, esaterako). Oraingoan, kartelaren bidez, genero-identidadearen eta genero-adierazpenaren inguruko gogoetea zabaldu nahi dabe. Era horretako kontzeptuak gizarteratzea da asmoa.

Kartelaz gan, aurtengo Zinegoak jaialdiak genero aniztasunagaz lotutako hainbat gai landuko ditu. Gaietan izan dogun eboluzino hau ikusi ahal izango da jaialdiko egitarauan, dino Pau Guillenek, gai afektiboak bakarrik landu beharrean, gero eta interes handiagoa dago genero-identidadearen eraikuntzagaz lotutakoetan sakontzeko.

Zinegoak nazinoarteko jaialdiaren 14. edizinoa zezeilaren 20tik martiaren 5era bitartean egingo da. Bilboko hainbat gunetara, zinemea, arte eszenikoak eta kulturea eroango ditu. Horrezaz gan, barrikuntza batzuk be badakarz aurtengo edizinoak. Batetik, formakuntza-saioak egongo dira eta, bestetik, Inundación lana produziduko dau Zinegoak-ek, Magda de Santo argentinarra zuzendari dala.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu