Zinegoak jaialdiari esker, zezeila sexu aniztasunaren hila izango da Bilbon

Bizkaie! 2016-12-26 12:48   Zinemea

Zezeilaren 20tik martiaren 5era bitartean egingo dabe aurten LGTB zinemearen eta arte eszenikoen jaialdia. Gero eta egun gehiago hartzen ditu Zinegoak-ek.

Aurreko edizinoan antolatutako kontzertu bateko irudia (argazkia: Zinegoak) | Ikusi handiago | Argazki originala

Urtez urte, eskaintzea zabaltzen dabil Zinegoak eta dagoeneko ez da zinema jaialdi hutsa, bestelako disziplina batzuk be hartzen ditualako, arte eszenikoak batez be. Aurten lehenengoz, formakuntza-saioak egongo dira, unibersidadeko ikasleentzat. Urteroko hitzorduan, Bilboko dozena bat espaziotara heltzen da Zinegoak eta 2017an egun gehiago be hartuko ditu, aste bi guztira.

Pau Guillen jaialdiko zuzendariak dinoanez, aurreko edizinoek astebeteko iraupena eukien eta azkenean jarduera guztiak pilotzen jakuzan, gure asmoa ez da jarduera gehiago eskaintzea, horreetaz disfrutau ahal izateko denpora gehiago emotea baino.

Eskaintza zabal horri esker, Zinegoak jaialdiko antolatzaileek zezeila sexu aniztasunaren hila izango dala dinoe. Sexuen ugaritasuna ez eze, genero identidadea, askotariko familiak, feminismoa eta abar be landuko dira, zezeilaren 20tik martiaren 5era. Aste biko egitarauan, ohiko proiekzinoak eta jarduera gehigarriak egongo dira.

Jaialdia martxan dagoan bitartean, LGTB edukinak Bilbon barreiatu nahi ditue antolatzaileek, ikusgarritasuna emon, naturaltasunez jorratuz eta barneratuz. Aniztasuna bultzatzea da Zinegoak-en helburuetako bat, baina ez kolektibo bati lotua bakarrik, gizarte guztiari begira baino.

Ganera, Zinegoak-en 14. edizinoa hasi aurretik eta amaitu ostean, emongo dau zeresana jaialdiak. Aurretik, 3.2.1... Zinegoak zikloa egongo da. Martian, ostera, Euskal Herriko 30 herri baino gehiagotara helduko da Bilbon ikusitakoaren aukeraketa bat, jaialdi ibiltariari esker.

Sari berezi bi emongo ditu aurtengo Zinegoak-ek, Pau Guillenek aurreratu dauenez. Bata oso lotuta egongo da zinemagintzeagaz eta, bestea, Afrikan LGTB kolektiboaren eskubideen alde egiten daben militanteakaz. Oraindino ez ditue esango irabazleen izenak.

Programazinoaren barruan, Inundación saioa nabarmendu dau Zinegoak-ek. Magda de Santo argentinarraren lanaren ekoizle da Zinegoak eta proiektua Histeria Kolektiboa eta La Fundición erakundeen alkarlanetik jaio da. Agenda lesbofeministearen begirada kritikoa dakar filmak. Egilea Bilbon dago, aurretik sortutakoa bertoko errealidadera egokitzeko.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu