Garikoitz Mendizabalek eta Aitor Furundarenak '2 poliedro' ikuskizuna aurkeztuko dabe gaur

Bizkaie! 2017-01-11 10:40   Musikea

Bilboko Udal Txistulari Bandearen urteko lehenengo kontzertua izango da 2 poliedro. Euskalduna jauregian da hitzordua, 20:00etan.

Bilboko Udal Txistulari Bandako kideak | Ikusi handiago | Argazki originala

Bandako zuzendaria da Garikoitz Mendizabal, eta ikuskizun barri honetan Aitor Furundarenaren akordeoia izango dau lagun. 2 poliedro ikuskizunean, Mendizabalek eta Furundarenak musikeagaz marrazten dabe: Kaleidoskopio baten moduan, forma poliedrikoak, koloreak eta bolumenak marraztuko ditue noten bidez eta, holan, emozino biziak sortuko ditue.

Musikazko marrazki horreek egiteko, txistua eta akordeoia izango dira artisten pintzelak. Haizea, botoiak, zuloak, hauspoa... tresna bakarra balira legez,, biek bat egingo dabe ikuskizunean.

Errepertorio zabala dakar 2 poliedro emonaldiak: Erdi Aroko musikea, Berpizkundekoa, barrokoa, folklorea eta abar. Konpositoreei jagokenez, Vivaldi, Sarasate, Guridi eta beste hainbaten piezak joko ditue, baita Sabin Bikandi eta Gorka Hermosarenak be, sortzaile garaikideen artean.

Bilboko Euskalduna jauregiko A3 aretoan izango da kontzertua, iluntzeko 20:00etan. Sartzea doban da. Modu honetara, Bilboko Txistularien Udal Bandeak 2017ko lehenengo kontzertua eskainiko dau. Hurrengo hitzordua urtarrilaren 25ean izango da. Gaztedi taldeagaz batera musika eta jantza ikuskizuna eskainiko dabe txistulariek egun horretan. 

Gaur egun, honeek dira Bilboko Txistularien Udal Bandako kideak: Garikoitz Mendizabal zuzendaria, Idoia Kareaga, Gorka Zabaleta, Sabin Bikandi eta Asier Garcia. Helburu bi daukaz taldeak: Batetik, kalidadezko saioak eskaintzea eta, bestetik, saio guztiak alkarregandik desbardinak izatea. Urtero, kontzertu zikloa antolatzen dau bandeak, Euskaldunan.

Bestetik, Aitor Furundarena ordiziarra, soinujolea ez eze, sortzailea eta moldatzailea da. Nazinoartean ikasketak egindakoa da eta bakarlari ibili da hainbat orkestraren alboan. Sortzaile handiakaz kolaborau dau. Ganera, gaur egun Musikeneko irakaslea da.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu