Talde historikoen berragerpena da aurtengo Hatortxu Rocken ezaugarria

Bizkaie! 2017-01-11 08:49   Musikea

Lakuntzan egingo da jaialdia, garagarrilaren 27tik 30era. Kerobia, Ekon, Des-Kontrol eta abar bueltauko dira oholtzara.

Euskal preso, iheslari eta deportaduen aldeko jaialdia da Hatortxu Rock. Horregaitik, aurten 20. edizinoa betetea ez da horren albiste ona antolatzaileentzat, hamarkada biren ostean eurek salatzen daben arazoa ez dalako konpondu. Edozelan be, jaialdirako batu dituen taldeen zerrendea ikusita, alde horretatik pozik egoteko moduan dagoz.

20. Hatortxu Rockeko nobedade nagusia itzulerak izango dira. Deseginda egon diran hainbat taldek joko dabe Lakuntzan. Hori bai, antolatzaileek zehaztu dabenez, itzulera hori Hatortxu Rockerako baino ez da izango, hau da, jaialdiaren ostean horreek taldeek ez dabe jardunean segiduko. Kerobia, Ekon, Des-Kontrol, Bizardunak, Ehun Kilo eta Kataluniako Inadaptats izango dira behin behineko itzulera horren protagonistak.

Era berean, aurtengo jaialdian izango diran beste talde batzuen barri be emon dabe antolatzaileek. Besteak beste, Oreka TX, Soziedad Alkoholika, Estricalla, Kaotiko, Anestesia, Glaukoma, Kop eta Huntza egongo dira Lakuntzako oholtzan udan. Hurrengo asteetan talde gehiagoren barri emongo dabela aurreratu dabe.

Estilo askotako musikariak batu ditue kartel horretan. Azken hileotan ezagun egin diran talde hasibarriak zein talde beteranoak topauko ditue zaleek. Modu horretara, askotariko egitaraua sortzeko helburua bete dabela dinoe antolatzaileek.

Euskal Herriko panorama musikaleko hitzordu nagusietako bat da Hatortxu Rock, eta aurtengo edizinoa be martxan dago, beraz. Garagarrilaren  27tik 30era izango da, Lakuntzan. 2010eko edizinoa be Nafarroako herri haretan egin zan eta antolatzaileek dinoe harrera beroa egin eutsiela lakuntzarrek. Horregaitik erabagi dabe barriro hara jotea. Sarrerak salgai dagoz, hemen. Lau egunetarako bonoa 50 euroan dago.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu