Alpha Blondy eta Georgie Fame, Sondikako Music Legends jaialdian

Bizkaie! 2017-01-10 09:00   Musikea

Bagilaren 2an eta 3an egingo da Music Legends Festival, Sondikako Ola BBK zentroan. Bertan joko daben musikariak lotzen hasi dira antolatzaileak.

Van Morrison mitikoa izango da Music Legends jaialdiko bigarren edizinoko kartelburu nagusia, orain dala aste batzuk jakitera emon zanez. Olako eszenatokian egongo diran beste artista batzuen barri be emon dabe antolatzaileek orain. Batetik, Alpha Blondy & The Solar System etorriko da eta, bestetik, Georgie Fame.

Gaur egungo reggae musikearen ordezkari bikainenetako bat da Alpha Blondy betaranoa, antolatzaileek dinoenez. Dagoeneko 20 disko plazaratu ditu, 1982an Jah Glory! atera ebanetik. Sondikako kontzertuan, The Solar System taldea izango dau laguntzen. Jatorri ugaritako dozena bat musikarik osotuten dabe bandea: Boli Kosta, Barbados, Frantzia eta Jamaikakoek hain zuzen. Alpha Blondy bera Boli Kostakoa da.

Bestetik, Georgie Fame ingelesa 1950eko eta 1960ko hamarkadetako gazte musikazaleen ikonoa izan zan. Sasoi haretan sortu ziran talde ospetsu batzuen (The Beatles, Rolling Stones...) estiloaren aitzindari izan zan. Ibilbide artistikoa aspaldi hasi eban arren, oraindino sasoi betean dago Georgie Fame. Besteak beste, Van Morrisonen alboan ibili zan orain dala urte batzuk.

Music Legends Festivalen bigarren edizinoa izango da aurtengo bagilekoa, igazko lehenengo aldiaren ostean. Baina ekimenaren jatorria atzerago dago. Izan be, Bilboko BBK Salan Music Legends zikloa egiten zan 2011tik eta horren arrakastearen ondorioz sortu zan jaialdia. BBK-k Sondikako Ola auzoan daukan zentroan izaten dira kontzertuak. Berez, gizarte integrazinoaren arloko zentroa da, baina azken urteotan kulturako eta astialdiko ekintzetarako eremu be bihurtu da.

Bono Kultura kanpaineagaz bat egin dau Music Legends Festivalek. Hartara, txartel hori daukienek sarrerak merkeago erosi ahal izango ditue urtarrilaren 31ra arte. BBK Salako lehiatilan dagoz sarrerak salgai.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu