Disko berezia plazaratu dabe Mungialdeko musikariek eta Taket bertso eskoleak

Bizkaie! 2017-01-10 08:17   Musikea

Bertso guztien habia lanean bederatzi kanta eta eskerrak emoteko bertso bat sartu ditue. Mungialdeko talde ugarik parte hartu dabenez, danetariko estiloak dagoz diskoan.

Alkarlanean sortutako proiektua da Bertso guztien habia diskoa, Taket bertso eskolako kideak eta eskualdeko musika-talde ugarik parte hartu dabe eta. Bertsolarien eta musikarien arteko loturea estutzea, alkarlana indartzea eta lekuko sormen-potentziala erakustea dira helburuak, bultzatzaileek azaldu dabenez.

Honeek dira diskoko parte-hartzaileak: Herriko trikitilariak, rockeroak, musika eskolakoak, Taberna Ibiltaria, Itziarren Semeak, Belako, Rafa Rueda, Noizean Behin eta Kherau. Baita Taket bertso eskolako kideak be.

Mungian eta inguruetan egindako diskoa da oso-osorik: Diseinua, grabazinoa, edizinoa... horregaitik, Made in Mungia egitasmoa dala dinoe. Askotariko estiloak, idazkerak eta gaiak buztartzen dira diskoan. Kanta guztiak Mungialdeagaz eta bertsoakaz lotuta dagoz: auzoak, bertso-eskolako gazteak, emakume bertsolariak, parrandea, Taket bertsolari zaharraren ibilbidea eta abar.

Diskoa Mungiako liburutegian dago salgai, bost euroan.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu