Bilboren moduan, bere burua atzera asmau dauen uria

Zigor Aldama 2017-01-05 13:27   Bidaide

Seul eta Bilbo zulo gris, industrial eta kutsatuak ziran. Eta biek egin dabe aurrera anbizinoz betetako birmoldatze urbanistiko bati esker.

Asiako mirari ekonomikoetako bat dan ezkero, eta bertako herritarren diru-sarrerak Europaren mailara igotea lortu eta gero, gizarte aurreratuetan ohikoa dan arazo bati aurre egin beharrean izan da Hego Korea: Egitura industriala aldatzea, mundu globalizadura egokitzeko. Izan be, balio erantsi txikiko manufaktura merkeei aurre egiteko garestiegia da hegokorearren eskulana. Seul uriburua da aldaketa horren eredua, Euskadikoaren, eta zehazki Bilbokoaren, antzeko estrategia bati esker.

Uri biak, Seul eta Bilbo, zulo gris, industrial eta kutsatuak ziran. Eta biek egin dabe aurrera anbizinoz betetako birmoldatze urbanistiko bati esker eta horrek emoitza onak emon ditu. Bizkaiko uriburuak prozesuari ekin eutsan metroa eregita eta baita Guggenheim Museoa be, suspertze horren zutaberik enblematikoena, mundu guztian aztertua. Hego Koreako uriburuak, ostera, suspertzea hasi eban Chenggyecheon kanal ospetsua errekuperauta. Lanak 2005ean amaitu ziran eta, horri esker, aldaketa sakonagoak etorri ziran, Seul Asiako uririk erakargarrienetako bat bihurtzeraino.  

10,8 kilometroko kanal hori garbitzeko eta egokitzeko lanak antzekotasunak daukaz Nerbioi ibaian egindakoagaz eta megapolisari elementu natural bat emon deutso, garapen ekonomikoa bultzatzeko, zuztar historikoak berreskuratzeko eta urigintza iraunkorrago bati ekiteko aproposa, ingurugiroa errespetauaz. Uriola arriskua gitxitu dau eta inguruko biodibersidadeak % 639 egin dau gora -62 landara espezie egotetik 308ra pasau da, hango lau arrain espezieak 25 dira orain eta 2003an egozan 15 intsektu espezieak 192 dira-. Bero-uharte efektua gitxitu dau kanalak -hango tenperaturea inguruko kaleetakoa baino hotzagoa da, 3,3 eta 5,9 gradu artean- eta kutsadurea be murriztu da -metro kubiko bakotxeko 74 mikrogramo partikula txar egozan lehen, orain 48-.

Ganera, Seulgo zaratearen erdian, Chenggyecheon pakearen oasia da, auzotarrek zein bisitariek estimatua. Ganera, Ekialdeko pasealekurik interesgarrienetako bat dauka, kontraste zoragarri baten etxeorratz handiak eta antxinako jauregiak batzen dituana. Holan, Seul ezagutzeko erarik egokiena kanaletik osteratxua egitea da, lantzean behin inguruko auzoak ezagutzera igoteaz batera. Han perla asko dagoz ezkutuan, jauregi eta tenpluak, aire zabaleko merkadu handiak eta astialdirako guneak, Koreako gastronomia bikaina probetako edo giro abangoardista baten edari batzuk hartzeko aukerea emoten dabenak.

Guggenheimen baliokidea be badago, Seulek 2014an amaitu ebana: Dongdaemum Design Plaza, Bizkaian be arrastoa itxi dauen Zaha Hadid arkitektuak diseinautakoa. Eraikin ezin futuristago hau bisitetea derrigorrezkoa da. Goiz edo arratsalde pasa lasaia egiteko modua emoten dauen lekua da. Batetik, Asian izen oso ona dauen Koreako artea erakusten daben aretoak ditualako. Bestetik, paseo bat emoteko aukerea dagoalako... teilatuan daukan parkean. Arkitekturearen zaleek eskertu egingo dabe hara bisitaldia egitea eta, ganera, begibistan itxitako aztarnategi arkeologikoak ikusi ahal izango ditue, uriko beste leku batzuetan jazoten dan legez.

Baina Seul ez da modernotasuna eta abangoardia huts-hutsean. Dongdaemumeko forma estralurtarrek besteko harridurea sortzen daben leku historikoen zerrenda luzea dauka. Gyeonbok jauregia da horreetako bat, uri erdi-erdian, presidenteak erabilten dauen Etxe Urdinetik hur. Askotan pasetan dan legez, 1300. urtean eregitako jauregi hori hainbat aldiz apurtu dabe bataila eta gerretan, eta beste horrenbeste aldiz atzera eregi. Hareek sasoiak gogoratu eta bisitariak denporan atzera eroateko, ikuskizunak antolatzen dira gaur egun, gerlari eta guzti.

Handik ez oso urrun, Bukchon Village dago, egurrezko etxe tradizionalen gune nagusietako bat herrialde guztian. Taberna eta artisau denda txikien eremua da gaur egun eta uriaren ikutu tradizionala gordeten laguntzen dabe, Seul ez dalako bere historia jagoteaz ahaztu. Naturea jagoteaz be arduratu da uria, inguruan dituan mendiek aukera ugari eskaintzen deutsiez mendizaleei. Leku gitxitan da horren erraza asfaltotik ihes egin eta norbere burua berdez inguratuta ikustea. Beste behin, Bilbon be holan da.

Hori bai, Hego Koreako uriburuan bada gauza bat beste inon ez dagoana eta danen gogoan egoten dana beti: Ipar Korearen erasoa jasateko aukerea. Azken finean, Korea biak teknikoki gerran dagoz oraindino, eta ahizta komunisteak ez dau aukerarik galtzen biki kapitalisteari mehatxu egiteko. Herrialde bien arteko muga zeharkatuezina dan 38. paralelotik 50 kilometrora dago Seul, eta leku zaurgarrienetako bat da. Metro geltoki guztietan dagozan gas maskarek eta hegazkinen kontrako aterpeak non dagozan dinoen mapek gomutau eragiten dabe hori eten barik.

Itaewonetik, Estadu Batuetako armadearen base baten alboko auzotik, osterea eginda ikusten da ikarea eta ezegonkortasuna badagozala, itxurazko lasaitasunaren azpian. Edozein uri amerikarretatik ateratako auzoa emoten dauen leku horretan, ohikoa da uniformedun beharginak ikustea. Zorionez, ez dau emoten Koreako gerreak (1950-53) banatutako herrialde bietako batek be gatazkarako asmorik dauenik. Horrek munduko potentzia handi biak, Estadu Batuak eta Txina, aurrez aurre ipintea eragingo leuke.

Beraz, eta nazinoarteko politikeak dakarzan arriskuak gorabehera, Seul uri dinamiko eta askotarikoa bihurtu da, era askotako ekimen artistiko eta kulturalak antolatzen dituana, esaterako Platoon Kunsthalle, eta urigintzearen alorreko abangoardian bete-betean sartuta dagoana, ekonomia kolaboratiboa lako sektoreetan gidaritzea hartuz. Hori guztia, ingurunearen eta tradizinoaren aldeko errespetuari eutsita. Holan, Seulek Bilboren pausuak bere erara interpretau ditu, agintariek eurek Bizkaiko uriburuaren eragina autortu dabe eta. Baina, ganera, harago joan da eta mundu guztirako eredu bihurtzeko bidean jarri da.

Ikusi argazki guztiak handiago

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu