Doctor Deseoren 'gau magikoa' Bilbon, 2018ra arte agur esan aurretik
2017-01-05 10:40 MusikeaProiektu barriei ekiteko, kontzerturik ez dau emongo datorren urtera arte Doctor Deseok. Agurrerako, sorpresaz betetako kontzertua atondu dabe, Santana 27 aretoan, gaur.
Goizaldeko ordu txikiak arteko jai izugarria izango dala agindu dabe talde bilbotarreko kideek. Ganera, musikearen munduko persona ezagunak konbidau ditue. Aurreko beste bira batzuetan egin daben legez, oraingo hau amaitzeko be Bilboko Santana 27 aretoa aukeratu dabe. Igual y diferente, una mirada distinta disko-liburua da taldearen azken lana eta azken hileotan berau aurkezten ibili dira.
Gaur, Errege Egun bezperan, izango da kontzertu handi hori. Gaueko 23:00etan zabalduko ditue ateak baina Doctor Deseok aurreratu dau, gauerdia orduko ez dirala joten hasiko. Holan, Athleticen Kopako partidutik kontzertura doazanei heltzeko astia emon nahi deutsie. Goizaldeko 06:00ak arteko jaia agindu dabe.
Energia, alaitasuna, sensualtasuna... izango ditu kontzertuak, Bilboko taldearen arabera. Disko-liburuan agiri dan idea nagusiari tiraka, zeozer desbardina, begirada berezi bat eskaini nahi deutsie publikoari. Betiko Doctor Deseo baina ikuspegi diferente bategaz.
Kontzertuaren erakargarritasun nagusia musikari gonbidatuak izango dira. Doctor Deseoren lanetan sarri kolaboretan daben Aiora Renteria eta Piti, Zea Maysekoak, oholtzan izango dira. Doctor Deseoko kide izandako Niko Brochadok be ez dau huts egingo. Ganera, kolaborazinoak egingo ditue MC Kloy-k, Karlos Gimenezek... eta Las Tea Party-k agerraldi berezia egingo dau. Sorpresa asko izango dituan gaua izango dala agindu dau Doctor Deseok.
Gaur gauekoa izango da, denpora luze baten, Doctor Deseo ikusteko azken aukerea. Horren ostean, bilbotarrek agerraldi publikorik ez dabe egingo 2018ra arte. Proiektu barriei ekiteko, lan gogorra egiten ibiliko dirala dinoe Doctor Deseokoek. Idea barriak topau, konposatu, entseguetan batu... asmoa da 2018aren amaieran disko barria atera eta beste bira bat hastea.
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!