Kanta barri bi dakarz Izaki Gardenak-ek, deskantsua hartu aurretik

Bizkaie! 2017-01-04 08:22   Musikea

Aurri gara diskoa aurkezteko birea amaitzear da Izaki Gardenak. Ondoren, etentxu bat egingo dau, indarbarritzeko. Oinak lurrean eta Bihotz abestiak aurkeztu ditu orain.

Jon Basagurenek gidatutako taldeak Aurri gara diskoa aurkeztu ebanetik, urtebete inguru pasau da. Urte bizia izan dala dinoe taldekideek, momentu eder askokoa, baina zailtasunak be izan ditu. Horregaitik, diskoa aurkezteko birearen azken txanpeari ekingo deutsie hurrengo asteetan eta, ondoren, deskantsua hartuko dabe.

Alde batetik, kritika onak jaso ditu Aurri gara diskoak, Izaki Gardenak pozik dago izandako erantzunagaz. Esate baterako, Mondosonoro aldizkari espezializaduak americana/folk estiloko Espainiako diskorik onena legez aukeratu dau. Guztira, orain arte, 30 aretotan jo dau Izaki Gardenak-ek eta taldekideek eskerrak emon deutsiez emonaldietara joan diran guztiei.

Bestetik, egoera gaziagoak be izan ditu taldeak azken hileotan. Diskoa grabau eben taldekideak Gasteizkoak eta Iruñekoak ziran eta, distantzien erruz, ezin izan deutsie formazinoari eutsi. Arabako kidez bakarrik osotutako lantalde barria eratu behar izan dabe. Halandabe, erronka horri energiaz ganezka ekin deutsiela dinoe eta formazino barriagaz aurretik egindako lanari eutsi ahal izan deutsie.

Horrenbeste gorabeheraren ostean, etentxua egingo dau Izaki Gardenak-ek. Deskantsua hartzeko garaia dala sentiduten dogu, hibernatzera goaz, azaldu dabe. Halandabe, astia izan dabe abesti barri bi egiteko. Bata, Oinak lurrean da, hileotan konposatutako pieza barria. Bestea, Bihotz, Benito Lertxundiren kanta baten bersinoa da. Interneten ipini ditue abesti bion audioak (entzun, hemen eta hemen).

Edozelan be, abesti barri biak zuzenean aurkezteko tartea hartuko dau Izaki Gardenak-ek. Holan, zazpi kontzertu emongo ditue Aurri gara diskoaren birea biribiltzeko. Urtarrilaren 12an, Bilboko Kafe Antzokian izango dira, 14an Donostiako Le Bukowskin eta 21ean, Mutrikuko gaztetxean. Martiaren 4an, Andoaingo gaztetxean joko dabe, 10ean, Oiartzungo Pagoan, 11n, Ondarroako Portuko Ranpin eta 17an, barriz, Gasteizko Jimmy Jazzen.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu