Justice, The 1975 eta beste asko, Bilbao BBK Live jaialdian

Bizkaie! 2017-01-03 12:41   Musikea

2017ko garagarrilean Kobetako eszenatokian izango diran hainbat talderen barri emon dabe BBK Live-ko antolatzaileek. Atzerriko zein bertoko taldeak dagoz gaur baieztautakoen artean.

Justice Bilbon izango da garagarrilean | Ikusi handiago | Argazki originala

Justice eta The 1975 dira gaur iragarritako zerrendako talderik aitagarrienak. Depeche Mode, The Killers eta abarren alboan, kartelburu izango dira Bilbao BBK Live jaialdiaren 2017ko edizinoan. Garagarrilaren 6tik 8ra egingo da jaialdia.

Antolatzaileek dinoenez, Justice bikote frantsesa zale guztien ahotan dago 2006tik, Simian taldearen Never be alone lanaren nahasketa berezia plazaratu ebanetik. Ondoren, 2007an, Cross izeneko diskoa atera eban Justicek eta, 2012an, rock elektronikoari eskainitako lan mardula, disko eta bideo eta guzti. Elektronikea ardatz dauela, hainbat estilotatik edaten dau talde honek.

The 1975, ostera, pop indie musikako talderik entzutetsuenetako bat dala dinoe BBK Liveko antolatzaileek. Manchesterreko taldearen azken diskoa salduena izan da Erresuma Batuan eta NME aldizkari espezializaduak urteko diskorik onena dala esan dau.

BBK Livek plazaratutako zerrenda luzean, honeek be badagoz: Sundara Karma, Cabbage, Dellafuente & Maka eta Coque Malla. Niña Coyote eta Chico Tornado donostiarrak be Kobetan izango dira garagarrilean. Hirugarren diskoa, Eate, aurkeztuko dabe donostiarrek, soinu sakon, bortitz eta soilek osotutako lana.

Beste alde batetik, Basoa eremuan joko daben artisten zerrendea be loditzen doa. BBK Liveko antolatzaileen arabera, honeek izango dira musika elektroniko eta jantzagarriari eskainitako gune berezi horretan: Bawrut, The Black Madonna, Dixon, Job Jobse, Motor City Drum Ensemble eta Lena Willikens. Lehendik be, beste izen batzuk iragarrita egon dira Basoarako, esaterako Andrew Weatherhall.

Urtarrilaren 9ra arte, BBK Live jaialdirako bonoak erosteko aukerea dago Bilboko Kale Nagusiko Pop Up Store dendan, 110 euroan eta banaketa gastu barik. Sarrerak bertan erosten dituanari opariz betetako packa emongo deutsie. Ganera, Bizkaiko Kultur Txartela, B klasekoa, erabili leiteke.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu