Bilbao Arteko tailerretan sortutako zazpi erakusketa egongo dira 2017an

Bizkaie! 2016-12-29 08:58   Kulturea

Bilboko zentro horretan egonaldia egin dabenen lanak ikusi ahal izango dira. Tania Blanco, Pablo Capitán del Río, Mario Espliego, Urtzi Ibarguen, Zaloa Ipiña, Gala Knorr eta Cristian Villavicencio dira artista aukeratuak.

Urtzi Ibarguenek Bilbao Arten sortutako piezak | Ikusi handiago | Argazki originala

2016an Bilbao Arten egonaldia egin daben artista batzuei bakarkako erakusketea atontzeko aukerea emongo deutsie hurrengo urteko egutegiaren barruan. Holan, apiriletik zemendira bitartean, Bilbao Arten bertan sortutako zazpi erakusketa egongo dira ikusgai.

Bilbao Arteko arduradunek azaldu dabenez, 2017ko erakusketetarako aukeratutako artelanak margolanak, eskulturak eta instalazinoak dira. Erakusketa gehienek teknologiagaz loturea daukie. Oso-osorik Bilbao Arteko tailerretan sortu eta garatutako piezak dira guztiak, zentroaren arduradunek azpimarratu dabenez. Honeek dira zazpi erakusketak:

Urtzi Ibarguen, Kultura garaikide baten aztarnak (apirilaren 6tik maiatzaren 3ra). Fake antropologiko baten bidez, aurrerapen teknologikoaren ganeko gogoetea eskainiko dau Ibarguenek, Bilbao Arteren arabera.

Mario Espliego, Enkantamenduaren teknologia (maiatzaren 11tik 31ra). Dekorazino-objektuen esangura politikoa aztertuko dau Espliegok. Horretarako, Parisko Nazinoaren Plazako apaingarriak erabiliko ditu.

Zaloa Ipiña, Argiaren bila (bagilaren 8tik 28ra). Videomaping-a oinarri dauen instalazinoa atonduko dau Ipiñak Bilbao Arten, hurreko espazioaren mugak eta argia aztertzeko.

Cristian Villavicencio, Dimensino paraleloak (garagarrilaren 6tik 26ra). Geografia eta biologia arloetan ingurune fisikoaren eta digitalaren arteko hartu-emona aztertuko dau Villavicenciok.

Pablo Capitán del Río, Adimena beste hizkuntza baten (abuztuaren 31tik irailaren 20ra). Disziplina artistikoak nahasten dituan proiektua da hau. Gizakien portaerea eta animaliena alderatzea dago oinarrian.

Gala Knorr, Self identity is a bad visual system (irailaren 28tik urriaren 18ra). Margolanen serie bat da hau. Ziberespazioan gure identidadea konsumorako objektu bihurtzen dala salatzen dau Knorrek horren bidez.

Tania Blanco, Unlid (urriaren 26tik zemendiaren 17ra). Konsumoaren inguruan dagoan desinformazinoa salatuko dau erakusketa horren bidez Blancok. Horretarako, aretoa supermerkadu baten moduan apainduko dau.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu