Igelaren Bandak Madrilen eta Galizian joko dau, Artistas en Ruta programeari esker

Bizkaie! 2016-12-22 10:21   Musikea

AIE alkarteak antolatzen dauen Artistas en Ruta egitasmoaren barruan, lau kontzertu emongo ditu Igelaren Bandak, 2017ko lehen seihilekoan.

Artisten eta musikarien Espainiako alkarte bat da AIE eta badira urte batzuk Artistas en Ruta programea antolatzen dauela. Espainiako erkidego autonomo guztietako talde batzuk aukeratzen ditu deialdi bakotxean, eta beste erkidego batzuetan kontzertuak emoteko bidea zabaltzen deutse. 2017ko lehenengo seihilekoari jagokon deialdian, beste askoren artean, euskal talde bat aukeratu dau AIEk, Igelaren Banda hain zuzen.

Hartara, Artistas en Ruta egitasmoaren barruko lau emonalditan parte hartuko dau Igelaren Bandak. Bat, Iruñekoa, ez da etxetik oso urrun izango, Nafarroan lehendik be sarri ibilia da hirukotea. Baina beste hirurek Galiziako eta Madrilgo publikoa ezagutzeko aukerea emongo deutsie Igelaren Bandari.

Euren musika estiloa beste uri batzuetara eroan eta ezagutarazoteko modua izango da. Hatan be, talentu barriak publiko zabalagoari aurkezteko zirkuitua sortzea da Artistas en Ruta-ren helburuetako bat. Zuzeneko musikea bultzatzea da beste asmo nagusia, AIEren arabera. Epaimahai batek aukeratzen ditu deialdi bakotxeko taldeak, jatorrian eta estiloan aniztasuna bilatuta. Euskal ordezkariak aukeratzeko lanean, Etxepare Euskal Institutuaren laguntzinoa izaten dau AIEk.

Zezeilaren 2an izango da Igelaren Bandaren lehenengo kontzertua, Madrilgo Sala Clamores aretoan. Ondoren, Iruñeko Zentral Kafe Antzokian izango dira, zezeilaren 26an. Azken kontzertu biak Galizian joko ditue: Apirilaren 30ean Lugoko Clavicembalo aretoan, eta maiatzaren 1ean Bueu herriko Aturuxon.

Igelaren Bandaren musikearen oinarrietako bat bertsotako doinuak dira, baina ohikoa ez dan formatu baten aurkezten ditu: Musikatuta eta bertsolaritzearen kontestutik kanpo, giro lasaiago baten. Bixente Martinez (gitarrea), Hasier Oleaga (bateria) eta Amaiur Cajaraville (kontrabaxua) musikariek osotutako hirukoteak jazz eta antzeko doinuetara egokitzen ditu bertsotako melodia ezagunak eta bestelako konposizinoak be sortzen ditu.

Artistas en Ruta ekimenak emoten deutsien aukerea aprobetxauko dabe Debalde festa diskoko doinuak zabaltzeko. Igelaren Bandak igaz plazaratu eban disko horretan, bertsotako doinu ezagunak musikatu ditue. Batzuk tradizionalak dira (esaterako, Xarmangarria zira eta Erreguetan) eta beste batzuk, gaur egungo musikariek euren bertso edo kantetarako sortuak (Imanolen Ilun-ikarak eta Oskorriren Ezin ahaztu tartean).

2017an, beste euskal ordezkari bi be egongo dira Artistas en Ruta programan: Izaro abeslaria eta Grande Days. Horreek be Espainiako hainbat txokotan joteko aukerea izango dabe.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu