Deep Purple taldeak kontzertua emongo dau BECen bagilaren 30ean
2016-12-22 08:07 MusikeaApirilean argitaratuko dau talde ingelesak InFinite diskoa eta, ondoren birea egingo dau. Kontzertuetako bat Barakaldon izango da.
Hard-rock estiloaren erakusgarri gorenetako bat da Deep Purple, nazinoarteko banda entzutetsuenetako bat. 1968an sortu zan eta laster agur esateko ordua helduko jakola dirudi. Iturri batzuek, behinik behin, 2017koa azken birea izango dala dinoe. Hurrengo diskoa plazaratu eta berehala ekingo deutsie nazinoarteko bireari, Barakaldoko BEC geltokietako bat dala.
The Long Goodbye Tour izeneko bira horretan, Ian Gillan, Rover Glover, Ian Paice, Steve Morse eta Don Airey boskoteak joko dau. Izan be, orain dala ia mende erdi sortu zanetik, Deep Purpleren barruan aldaketa asko egon dira. Hasikerako urteak izan ziran oparoenak eta orduan grabau zituen taldea ezagun egin daben kanta gehienak. Azken hamarkadetan gorabeheratsua izan da ingelesen ibilbidea, baina oraindino be erreferentea dira hard-rockaren barruan.
Rock gogorragaz batera, beste estilo batzuetan be ekarpena egin dau Deep Purplek, esaterako, bluesean eta rock sinfonikoan. Heavy metalaren aitzindaritzat be joten dabe batzuek. Kantei jagokenez, Smoke on the Water da, beharbada, melodiarik ezagunena. Disko barria, InFinite, apirilean plazaratuko dabe eta lehenengo singlea urtarrilerako kalean izango da.
Bagilaren 30ean izango da Barakaldoko BEC erakustazokan Deep Purplek emongo dauen kontzertua. Euren aurretik, Alter Bridge taldeak joko dau.
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!