Bilboko Udalak beste hiru kaleren izena aldatu dau Memoria Historikoaren Legea aplikauta

Bizkaie! 2016-12-21 09:11   Kulturea

Izenen aldaketa eta esleipena ez da indarrean sartuko 2017ko zezeilaren 1era arte, eragindako persona guztiak behar dan legez informauta egon daitezan.

Bilboko Udalak, Alkatearen erabagi baten bitartez, uriko beste hiru kaleren izenak aldatu eta izen barriak esleitzea erabagi dau, Memoria Historikoaren Legea izenagaz ezagutzen dan abenduaren 26ko 52/2017 Legea apliketako prozesua betez.

Ondoko kaleen izenak aldatuko dira: Alfonso Churruca kaia, Olabeagan, Zirgarien kaia izango da; Eusebio García Alonso kaia, San Ignazio auzoan, Benita Asas kalea izango da; eta Hermógenes Rojo kalea, Zorrotzan, hemendik aurrera Clara Campoamor kalea izango da.

Izen barrien esleipena gaur onartu dan arren, aldaketea ez da indarrean sartuko 2017ko zezeilaren 1era arte, eragindako personak (auzokoak, merkataritzako establezimenduak, higiezinen titularrak...) era egokian eta behar dan aurrerapenez informauta egon daitezan eta egin beharreko aldaketen ganeko galderak eta zalantzak helarazoteko aukera izan deien.

Gotzone Zaldunbide Herritarrentzako Arreta, Partaidetza eta Barrutien Saileko zinegotziaren esanetan, 'badakigu kasu honetan asko dirala eragindako etxebizitzak eta 2 / 8 negozioak, eta gure helburu nagusia herritarrei erraztasun guztiak emotea da prozesua ahalik eta erosoena izan daiten'. Horretarako, aitatutako erabagia onartu ondoren, aldaketearen barri emon jake eragindako personei, auzo-erkidegoetako Presidenteen zein atarietan itsatsitako InfoBilbao oharren bitartez, eta buzoietan jaso dabe aldaketak egoiliarrei eta negozioen jaube eta titularrei ekarriko deutsiezan ondorioei buruzko guztia. Zalantzak argitzeko: 010 / 944 010 010 telefonoa. be erabili daiteke.


Komunikazio horreetan hiru aldaketarik garrantzitsuenak zeintzuk diran azaldu da:

1) Egoiliarren agiri personalak (NAN, Pasaportea, gidatzeko baimena...): Aldatu egin beharko dira barriztau behar diranean. Horretarako errolda-agiria behar bada, herritarrei laguntza emoteko edozein bulegotan eska daiteke.

2) Etxeetako edo lokaletako jaubetza eskriturak: Etxeak edo lokalak saltzen diranean eguneratuko dira eta adierazoko da aldaketea; Udalak izen-aldaketearen ziurtagiria emongo deutso interesdunari.

3) Zerbtzuak emoten dituen enpreseak eta erakunde ofizialak (ura, argia, telefonoa...): Kasu horreetan, Udalak jakinarazoko deutse zerbitzuen hornitzaile nagusiei eta erakunde ofizialei (Osakidetza...) kalearen izen-aldaketa.


Bilboko kale-izendegia aldatzea

Herritarren partaidetzeari edegitako prozesua Bilboko kaleen izenak barriztau eta eguneratzea da, Memoria Historikoaren Legea betez, Juan Mari Aburto Alkatearen gobernu-taldeak agintaldi honetan hartutako konpromisoetako bat. Prozesu horrretan, alde batetik, Memoria Historikoaren Legea bete gura izan da, eta bestetik, herritarren partaidetzarako bidea edegi, horreek kale-izen barriak proponidu deiezan. Gogoratu behar da Udalak abian jarritako partaidetza bidezko prozesuan, herritarrek 600 proposamen baino gehiago egin dituela kaleei eta plazei izenak jarteko.

Kale-izenen aldaketea fase bitan egin da, Euskal Herriko Unibersidadeak (UPV/EHU) landutako txosten bateko gomendioei jarraituz. Lehenengoa aurtengo zezeilean amaitu zan, kale-aldaketa bigaz: Espainiako Printzeak zubia kendu eta Salbeko Zubia jarri zan, eta Remigio Vilariño kalea kendu (Begoña auzoan) eta Julita Berrojalbiz Kalea izena jarri zan.

Egindako aldaketon bitartez, Salbe Zubiaren kasuan izan ezik, honako helburu honeek bete dira: Bilboko kale-izendegian emakume ospetsuen izenak sartzea, eta urte hasieran abiarazotako partaidetza-prozesuan herritarrek proponidutako 4 izen aintzat hartzea.

Legea beteteko egindako bost kale horreen izen-aldaketei, Bilboko kale-izendegian sartu diran kale-izen barri bi ganeratu behar jakez, kasu honetan herritarren eskaerei erantzunez. Bata Yolanda González Plazatxoa da, zezeilean inaugurautakoa, 1980ean Madrilen hil eben ikaslearen gomutaz; eta bestea Alazne López Etxebarria Lorategia, maiatzean Zorrotzako plaza bati emondako izena, igaz Alemanian bat-batean hildako etorkizun handiko jantzari gaztea gogoratzeko.


Hiru kale barrien azterketea:

1.- Hermógenes Rojo kalea (Zorrotza)- CLARA CAMPOAMOR KALEA- Aldaketak: Gaur egun 8 zenbaki daukaz. Horreetatik lau eraikinetan 90 etxebizitza, 203 biztanle, merkataritzako 10 lokal eta ostatu bi dagoz. Beste lau zenbakiak Kiroldegikoak eta Udal Bulego Administratibokoak, futbol-zelaikoak, Bizkaia Anbulantzien eraikinekoak eta orube batekoak dira. Zazpi plaka barri jarri behar dira izen barriagaz.

- Clara Campoamor (Madrid 18881 – Lausana 1972). Emakumezkoen eskubideak defendidu zituan politikaria. Unión Republicana Femenina sortu eban eta emakumezkoen sufragioaren bultzatzaile nagusietako bat izan zan Espainian. Sufragioa 1931an lortu zan eta emakumeek 1933ko hauteskundeetan erabili eben eskubide hori. Gerra Zibilean iges egin behar izan eban eta Suitzako erbestean hil zan.

2.- Alfonso Churruca Kaia (Olabeaga) - ZIRGARIEN KAIA - Aldaketak: Zortzi zenbaki daukaz. Horreetatik eraikin bitan 15 etxebizitza eta 26 biztanle, eta merkataritzako lau lokal dagoz. Beste sei zenbakietan frontoia, txoko bat, hutsik dagoan pabilioi industrial bat eta hiru orube dagoz.

- Zirgariak: Andrazkoen taldeak ziran, lau inguru, eta narras eroaten zituen gabarrak, ilaran. Lan gogorra eta esker txarrekoa zen, eta euren segurtasuna be  4 / 8 arriskuan jarten eben. Jarduera hori Bizkaian egiten zan, itsasadarreko ertzetan, Olabeaga eta Zorrotza artean, ontzien eta bertan sartzen eta ateratzen ziran merkantzien inguruan (makailaoa, artilea, etab.).

3.- Eusebio García Alonso kalea (San Ignazio) - BENITA ASAS KALEA - Aldaketak: Eraikin bi dagoz, 22 etxebizitza, 54 biztanle eta lokal bi. Plaka bi jarri behar dira izen barriagaz.

- Benita Asas Manterola (Donostia 1897- Bilbao 1968). Irakaslea. Pentsamendu eta militantzia feministearen figura handietako bat izan zan eta gizonezkoen eta andrazkoen eskubide bardintasuna defendidu eban.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu