P.L. Uriarte, Orbea, Egibide, M. Ziarsolo, Tolosako Ekinbide eta 'Guernica', Sabino Arana saridunak

Bizkaie! 2016-12-20 13:09   Kulturea

Urtarrilaren 29an Bilbon egingo dan galan horreek guztiak omenduko ditu Sabino Arana Fundazinoak.

Irune Zuluaga eta Juan Mari Atutxa (argazkia: Sabino Arana Fundazinoa) | Ikusi handiago | Argazki originala

Sariok urtero-urtero emoten ditu Sabino Arana Fundazinoak, euskal abertzaletasunaren sortzaile izan zan Sabino Aranaren jaiotzearen urteurrenean. Gizarteari zerbitzu esanguratsua eskaintzeko agiriko gaitasuna erakutsi daben persona, erakunde eta alkarteei emoten jakez sariok. Hainbat alorretako sarituak aukeratzen dira urtero. Aurten, 28. ekitaldia izango da.

Bilbon Sabino Arana Fundazinoak daukan egoitzan egindako ekitaldian, Juan Mari Atutxa erakundeko presidenteak eta Irune Zuluaga zuzendariak 2016ko sarituen barri emon dabe:

Pedro Luis Uriarte: Gaur egungo Itun edo Kontzertu Ekonomikoaren aitatzat jo dabe Atutxak eta Zuluagak. Finantzearen eta ekonomiaren arloan dabil gaur egun Uriarte eta euskal autogobernuaren alde egiteagaitik sarituko dabe, baita Itun Ekonomikoa gizarteratzeko ahaleginagaitik be.

Orbea: Mallabiko enpresa honek 175 urte baino gehiago egin ditu industrian. Kooperatibea da gaur egun eta bizikletak egiten ditu. Negozioa berrantolatzeko gaitasunagaitik eta nazinoartean erreferente dalako jasoko dau saria.

Egibide: Zazpi hamarkadako lana egin dau Egibide-Diocesanas Jesús Obrero fundazinoak Araban. Bertako ekonomia, industria eta gizartea garatzen laguntzeagaitik emongo deutsie Sabino Arana Saria. Gaur egun, 7.000 laguni emoten deutse prestakuntzea.

Matxalen Ziarsolo: Ermuko eskubaloi jokalaria kirol ibilbide oparoagaitik eta erakutsitako kirol baloreakaitik sarituko dabe. Bera-Beran 15 urtez jokatu eban, aurten arte, eta 14 txapelketa irabazi.

Tolosako Ekinbide Etxea: Euskal kulturea 50 urtez zabaltzen ibili da eta Tolosako uria kultur aniztasunaren iturri eta topagune bihurtu dau, Sabino Arana Fundazinoaren esanetan. Besteak beste, Nazinoarteko Txotxongilo Jaialdia eta TOPIC zentroa bultzatu ditu.

Guernica: grito desgarrador, símbolo de paz: Pablo Picassok margoztutako koadroaren uniberso sinbolikoa aintzat hartuta, Sabino Arana Fundazinoak uste dau pakearen ikur nagusietako bat dala. Sari honegaz, koadroa pakearen aldeko sinbolo bihurtu dala azpimarratu nahi dau fundazinoak eta, bide batez, Gernikako bonbardaketeak eragindako biktimak gogoan hartu.

Sabino Arana Sariak banatzeko ekitaldi edo galea, 2017ko urtarrilaren 29an egingo da, Bilboko Arriaga antzokian, 12:00etan.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu