Mendi Film Festival nazinoarteko erreferente legez sendotu dala dinoe antolatzaileek
2016-12-20 12:28 ZinemeaAmaitu barri dan edizinoan 9.100 ikusle batu ditu Bilbao Mendi Film Festivalek. Hainbat ekitalditako sarrerak agortu egin ziran.
Zaleek Mendi Film Festivalen 9. edizinoari emon deutsien erantzuna dala eta, pozik agertu dira antolatzaileak. Ohar baten adierazo dabenez, zaleen agendetan tarte finkoa dau Mendi Filmek, urteroko bilgune bihurtu da. Gonbidatu bereziak be pozik etorten dirala dinoe antolatzaileek: Danek azpimarratzen dabe jaialdiaren abegikortasuna eta euren lanei emoten jaken garrantzia.
Aurtengo Mendi Film Festival abenduaren 9tik 18ra egin da. Proiekzinoak, berbaldiak, topaketak eta abar egon dira, mendiagaz, natureagaz eta abentureagaz lotutako zinemagintzea ardatz. Guztira, 37 ekitaldi egon dira. Sail ofizialean bertoko eta kanpoko 43 lan aurkeztu dira eta Pavol Barabas eslovakiarraren Freedom under load lanak irabazi dau sari nagusia. Sari gehiago be emon dira (palmaresaren barri, hemen).
Ikus-entzule kopuruari jagokonez, urtetik urtera hazten doa Mendi Film Festival. Aurten, 9.100 izan dirala kalkulau dabe antolatzaileek, hau da, orain arteko edizinorik jentetsuena. Kontuan izan behar da, esaterako, 2012an 4.772 ikus-entzule egon zirala, hau da, aurtengoaren erdia. Igaz, 8.710 izan ziran.
Ekitaldi batzuetan sarrera guztiak agortu ziran. Esate baterako, Euskalduna Jauregian egindako hasiera ekitaldian leku guztiak bete ziran, baita proiekzino batzuetan be. BBK Salan eta Azkuna Zentroko Golem aretoetan izan dira saio gehienak.
Bilbon eta Euskadin sendo agiri da Mendi Film, baina baita nazinoartean be, mendiko zinemagintzan erreferente garela autortzen deuskue han eta hemen, azpimarratu dau Jabi Baraiazarra jaialdiko zuzendariak. Chris Bonington mendizale ingelesa omendu dau aurten jaialdiak eta honek adierazo dau munduko mendi zinemaldirik onena dala Bilbokoa.
Aurtengo edizinoa arrakastatsutzat jo dabe antolatzaileek eta jaialdia nazinoarteko erreferente bihurtu dala nabarmendu dabe. Hurrengo urtekoan be pentsetan hasi dira. Berezia izango da 2017ko Mendi Film Festival, hamargarren edizinoa beteko dalako. Abenduaren 8tik 17ra egingo da. Antolatzaileen helburua izango da, orain arteko moduan gorazko jokereari eustea eta publiko zabalago bategana heltzea.
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!