The Killers kartelburu izango da Bilbao BBK Live jaialdian

Bizkaie! 2016-12-15 12:21   Musikea

Mundu guztian 22 miloe diskotik gora saldu ditu Estadu Batuetako talde horrek. 2017ko garagarrilaren 6tik 8ra izango da Bilbao BBK Live jaialdia, Kobetan.

Goi mailako kartelburuen bila egindako ahaleginak emoitza ona emon deutso Bilbao BBK Live jaialdiko antolatzaile dan Last Tour enpreseari. Orain arte, Depeche Mode izan da 2017ko edizinoko izen nagusia baina, orain, The Killers gehitu behar da zerrendara. Bilbao BBK Live jaialdiko antolatzaileek dinoenez, Iberiar Peninsulako jaialdietan taldeak emongo dauen kontzertu bakarra izango da Bilbokoa.

Amerikako Estadu Batuetako Las Vegas urian sortu zan The Killers 2001ean. Brandon Flowers taldeko sortzaile eta liderra Oasis taldearen kontzertu baten egon zan eta, emonaldi harek txundituta, iragarkia ipini eban egunkari baten, bateria, gitarra eta baxu joleen bila ebilela esanaz. Holan batu ziran The Killerseko kideak.

2004an plazaratu eban taldeak lehenengo EPa, Hot Fuss. Harrezkero, abesti ospatsu ugari sortu ditu The Killersek, esate baterako Spaceman eta Human. 22 miloe disko baino gehiago saldu eta sari ugari eskuratu ditu taldeak. Besteak beste, Grammy sarietan zazpi izendapen euki ditu.

Bilbao BBK Liveko arduradunek dinoe, kartelburuak ekarteko lanean segiduten dabela eta, behin The Killersen barri emonda, hurrengo egunetan albiste gehiago etorriko dirala. Ohiko legez, Bilboko Kobeta mendian izango da jaialdia, garagarrilaren 6an, 7an eta 8an.

Abenduaren 19ra arte, 96 euroan erosi leitekez sarrerak. Laugarren urtez, B klaseko Bizkaiko Kultur Txartela erabili ahal izango da bonoak erosteko, urtarrilaren 28ra arteko epean, edo txartel guztiak agortu arte.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu