Zapatuan egingo da Donostia 2016ren amaierako jaia

Bizkaie! 2016-12-14 10:06   Kulturea

Europako Uriburu Kulturalaren urtea amaitzeko, Tabakaleran jai herritarra antolatuko dabela dino Donostia 2016k. Gaur egungo praktika artistikoak batuko ditue hor.

Iluntzeko 20:00etatik goizaldeko 01:00ak arte izango da jaia, izan be, Donostia 2016k dinoanez, gaueko ospakizuna izango da. Urte guztiko egitaraua biribiltzeko, publiko guztientzako jai edegia egin nahi dabe, 2017an Europako Kultur Uriburuaren lekukoa Danimarkako Aarhus eta Zipreko Pafos uriei pasau aurretik.

Praktika artistiko garaikideakaz lotutako hogei ekitaldi inguru egongo dira, Donostia 2016ren eta Tabakaleraren arteko alkarlanari esker. Ganera, Tabakalerako erakusketa eta espazio guztiak (Ubik eta Hirikilabs, esaterako) gauerdira arte zabalik egongo dira, jaian parte hartzen dabenek ikusi daiezen.

Tabakalerako patioko eszenatoki nagusian izango dira ekitaldirik aitagarrienak. Datorren urteko uriburu kulturalei keinua egiteko, Lydmor abeslari danimarkarraren emonaldia egongo da lehenengo. Elektro-pop estiloa lantzen dau Aarhuseko artista horrek. Ondoren, Rafael Berriok Abolir el alma ikuskizuna eroango dau Tabakalerara. Donostia 2016ren inaugurazinoan erakutsi eban pieza hori sortzaile donostiarrak, baina oraingoan beste musikari batzuk izango ditu alboan: Joseba Irazoki eta Elena Setién.

Kutxa Kultur Klubak hainbat kontzertu hartuko ditu gau horretan. Eraul talde donostiarrak joko dau, baita Europa iparraldetik etorritako The Hearing eta Smerz-ek be. 1927ko Symphony of a great city film mutuari musikea ipiniko deutso zuzenean Jim Avignon alemaniarrak.

Ganera, jantzeak be tartea izango dau, Tabakalerako sarrerako gunean hain zuzen. Amaia Elizaran gipuzkoarrak eta Natalia Pieczuro poloniarrak egingo dabe jantzan. Kafetegia, hainbat hizkuntzatan irakurritako poesiaren eremua izango da. Besteak beste, Bernardo Atxagak eta Jabier Muguruzak parte hartuko dabe errezitaldian.

Zipreko Pafos uria gogoan, Thanos Savvidis Zipreko artistearen argazkien erakusketea ikusi ahal izango da 1 Espazioan. 2017ko Uriburu Kulturalaren In & At proiektuan parte hartu dau Savvidisek. Era berean, ikus-entzunezkoak, sorkuntza-merkaduak, herritarrek esperimentetako gunea eta abar egongo dira.

Tabakalerako ekitaldietara hurreratzen diranek, eraikinaren sarrerea modu berezian argiztatuta topauko dabe. Donostia 2016ko arduradunek azaldu dabe, jaira sartzea librea dala, baina 3.000 personarentzako lekua baino ez dagoala.

Donostia 2016ri agur esateko ekitaldien une gorena izango da Tabakalerako gaueko jaia, zapatuan. Dana dala, asteburu guztian ekitaldiak egongo dira Donostian. Esate baterako, Europako kultur uriburutzea Aarhus eta Pafosi pasetako ekitaldi sinbolikoa egingo da Donostiako udaletxean. Hain zuzen be, asteburuko jardueretara Aarhuseko eta Pafoseko artistak konbidau ditue, baita Wroclawkoak be, Poloniako uri hori izan dalako aurtengo uriburu kulturala, Donostiagaz batera.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu