Emakumeek egindako hip-hopa Bilbon, Bazter Fest jaialdian

Bizkaie! 2016-12-14 08:17   Musikea

Zapatuan, hilak 17, egingo da Bilborocken Bazter Fest jaialdiaren bigarren edizinoa, Bilboko Udalak eta Eskina Femenina alkarteak antolatuta.

Emakumeek rap eta hip-hop kulturan egin daben ekarpena ikusgarri bihurtzea eta zabaltzea da Bazter Festen asmoa eta, bide batez, Ibaiondo barrutiko ekitaldi kulturalak ezagutzera emotea. Gizonak nagusi dira hip-hoparen alorrean eta, horregaitik, emakume sortzaileen lana agertzea beharrezkoa dala dino Bilboko Udalak, euren lanari jagokon lekua emoteko. Sartzea doban izango da.

Zapaturako atondu daben programazinoan ikusten danez, hip-hoparen kulturan badagoz emakume sortzaile asko. Tailerrak eta musika-emonaldiak egongo dira Bilborocken. Lehenengo ekitaldia, iluntzeko 20:00etan, Raquel Koroma jantzari profesionalak emongo dauen dancehall masterclass edegia izango da. Irungo Afrodelicious proiektuan dabil Koroma eta uriko jantzen barri emongo dau, akrobaziak be tartekatuta.

Gaueko bigarren artistea Wöyza galiziarra izango da. Pelea diskoa argitaratu barri, hip-hop musikearen erreferenteetako bat da. Kontzertua eskainiko dau Bilbon. DJ Txankleta eta Marga Mbande be Bazter Festen izango dira.

Amaitzeko, emakumezko MC-en txandea izango da. Rap-aren munduko zeremonia maisuak dira MC-ak, eta Bilborocken artista ezagunak egongo dira zeregin hori beteten. Besteak beste, Sorkun, Berta Bitter Sweet, Fani, Mai Beloki, Furia taldea, Aneguria eta La Basu izango dira gaualdiko gidari.

Horreetako batzuk, hip-hopean ez eze, bestelako musika estilo batzuetan be nabarmendu dira. Sorkun, esaterako, Kashbad-en, Negu Gorriak-en, Joxe Ripiau-n eta abar ibilitakoa da. Gaur egun, bakarka dabil.

La Basu eta Aneguria, ostera, euskal hip-hoparen ordezkari esanguratsuenetako bi dira. La Basu bilbotarra erderaz hasi zan mundu horretan, baina euskeraz be kantetan dau gaur egun. Aneguria, ostera, rap eta raggamuffing estiloetan nabarmendu da. Biak, La Basu eta Aneguria, Eskina Femenina proiektuaren arduradunak dira. Hip-hopean dabilzan emakumeei laguntzeko egitasmoa da eta, besteak beste, tailerrak eta ekitaldiak antolatzen ditue.

2016/12/17 20:00

Bilboko Bilborock aretoan

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu