'Adin adin' proiektuak bertsoak eroan ditu 13 zahar-etxetara
2016-12-13 09:25 BertsolaritzeaLanku alkarteak azaldu dauenez, oso arrakastatsua izan da aurtengo edizinoa. Bertsoa ardatz dala, edadekoen bizi-kalidadea hobetzea da egitasmoaren helburua.
Gipuzkoako Foru Aldundiak babesten dau Adin-adin proiektua eta, berez, herrialde horretan jaio zan. Dana dala, aurtengo edizinoan, Gipuzkoatik kanpora be urten dau Adin adin-ek, Elizondora eta Aramaiora hain zuzen. Hamahiru saio izan dira guztira, beste horrenbeste zahar-etxetan. Aurreko urtean baino persona gehiagok parte hartu daben ezkero, Lanku pozik dago emoitzeagaz eta esperientzia arrakastatsua izan dala dino.
Urriaren 4an hasi zan aurtengo Adin adin, Tolosako Uzturre egoitzan. Gipuzkoako hamaika herri, Nafarroako Elizondo eta Arabako Aramaio bisitau ostean, gaur goizean izan da azken hitzordua, Oiartzungo Petra Lekuona egoitzan.
Saioen egiturea erraza da: Egoitzako adinekoakana joaten dira bertsolari batzuk eta kantau egiten dabe. Ahozkotasunak alderdi ludikoan zein terapeutikoan daukan gaitasunari esker, edadeko jenteari onura handia ekarten deutso. Disfrutetako eta parte hartzeko aukerea daukie, gaitasun psikoemozionalak garatzen ditue eta, azken finean, euren bizitza-kalidadea hobetzen da.
Saioen aurretik, zahar-etxe bakotxean lanketea egiten da metodologia berezi bat erabilita. Dinamizatzaileek eta animatzaileek gidatuta, kantu zaharrak eta bertsolaritzea aztertzen ditue edadekoek, saioa heltzen danean parte hartzeko prest egon daitezan. Lankuk ikusi dauenez, gero eta jente gehiago animetan da saioetara eta, hasikerako edizinoetan zahar-etxeetako egoiliarrak bakarrik egoten baziran be, orain eguneko zentroko erabiltzaileak be hurreratzen hasi dira.
Emonaldi bakotxean bertsolari bi egoten dira, ahal dala eskualdekoak. Belaunaldi bitako bertsolariak izaten dira, emakume bat eta gizon bat. Aurtengo edizinoan, Oihana Iguaran, Sebastian Lizaso, Ane Labaka, Andoni Egaña, Alaia Martin, Anjel Mari Peñagarikano eta abar ibili dira, txandaka.
Lankuk adierazo dauenez, Adin adin ekimenaren arrakastearen giltzarria parte-hartzean dago, eta edadekoek alkarren arteko hartu-emona hobetzean be bai. Bertsolaritzea euskal kulturearen adierazpide nagusietako bat danez, berau zahar-etxeetara hurreratzeko ahalegina beharrezkoa da.
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!