Txinako ume ahaztuak

Zigor Aldama 2016-12-13 11:29   Bidaide

Txinan, azken hiru hamarkadetan, 247 miloe lagunek landa eremua itxi dabe galipotean bizi izateko. Baina bidaia prekarioa da hori, eskubiderik emoten ez dauena, horregaitik lan egiteko edadean dagozan bikoteek euren seme-alabak jaioterrian itxi behar ditue.

Tandako herri txikian, uria deitzeko beste tamainu daukan lehenengo uriginetik hiru ordura autoan, umeak eta zaharrak besterik ez dago. Shanxi probintziako mendiotako kobazuloetan bizi diran 200 familia apurtuetan, ia ez dago 17 eta 50 urte bitarteko inor. Ahal izan daben guztiek urira alde egin dabe, dino  loba biren ardurea dauen Gui abizeneko andra zahar batek. Hemen jentea soloetatik bizi da eta lurrak gero eta gitxiago emoten dau. Bizirauteko, fabriketan edo meatzeetan lortu behar da lana.

Tandako biztanleetako batzuek ia 2.000 kilometroko bidaiea egin dabe, ekialdeko Zhejiang probintzian praka bakeroak josteko, Jangsu-n zapatei formea emoteko edo hegoaldeko Guangdong-en telefonoak ensanbletako. Ahal dabenean dirua bialtzen dabe, baina umeak ezin ditue eroan, beraz geuk jagoten doguz hemen, zehaztu dau 60 urte inguruko Guik. Herrian, gehienek ez dabe urtean 3.000 yuan irabazten (400 euro), nekazari txinatarren bataz bestekotik behera. Horregaitik, uritik datorren guztia beso zabalik hartzen dabe.

Historiako migrazinorik handiena zergaitik dabilen Txinan jazoten azaltzen dau horrek, munduko mirari ekonomiko handienagaz batera. Azken hiru hamarkadetan, 247 miloe lagunek landa eremua itxi dabe galipotean bizi izateko. Baina bidaia prekarioa da hori, eskubiderik emoten ez dauena, horregaitik lan egiteko edadean dagozan bikoteek euren seme-alabak jaioterrian itxi behar ditue. Ez daukagu hukoi-rik Shanghai-n, dino Txinako uriburu ekonomikoko obra handi bateko behargin gazteak.
 
1958an ezarritako egoitza-agiria dau berbagai, landa eremuaren eta uriaren arteko migrazinoa kontroletako -eta modu eraginkorrean mugatzeko- sortua. Sistema polemiko horrek, praktikan, jaioterritik kanpoko bizimodua gatxago egiten dau, onura sozial batzuk mugatzen ditualako. Tartean, bi oso garrantzitsuak: Hezkuntza publikorako sarbidea eta diru publikoz lagundutako osasungintzea. Hori dala eta, gure alabea aitita-amamakaz geratu da, Anhui-n, dino beharginak, erropa denda bateko saltzailea dan emaztea alboan dauela.

Azken erroldearen arabera, 61 miloe ume euren gurasoen zaintza barik bizi dira. Tandan jazoten dan legez, gehienak aitita-amamakaz edo beste senideren bategaz bizi dira, baina 360.000 inguru bakarrik bizi dira edo eurak baino gazteagoak diran neba-arrebak jagoten ditue. Arazo larria danez, gobernuak urtenbide arina topau nahi deutso. Umeen garapen intelektuala eta fisikoa moteltzen dau, askotan ezin dabelako eskolara joan, edo, joaten badira, ezin dabelako behar dan besteko arretarik ipini, eta ganera elikadura arazoak daukiez jatekoa ganoraz egingo deutsen inor ez daukielako, azaldu dau Fudan unibersidadeko soziologo Xu Anqi-k.

Garbi dago ume honeek arrisku larriagoak be badituela, batzuetan hilgarriak. 2012ko zemendian, esaterako, bakarrik itxitako bost ume hil ziran karbono monoxidoa arnastuta, berotzeko sua biztu ebenean. Eta igaz, beste lau umek, danak familia berekoak eta 5 eta 13 urte artekoak, euren buruaz beste egin eben pozoia edanda, Guizou probintzia txiroan. Muturreko kasuak dira, bai, baina tragedia bihurtu leiteken drama baten ispilua dira.

Orain dala hamarkada bat ahaztutako ume horreetako bat izan zan Wei Fang. Bere gurasoek Nanjing-era joan behar izan eben eraikuntzako proiektuetan lan egitera, eta neskatoa ahizta txikia jagoten geratu zan. Hasikeran gure amaren parteko amamagaz egon ginan, eta izeko bategaz, baina gero bakarrik geratu ginan. Nik 14 urte neukazala, 10 urteko ahiztearen ardureagaz geratu nintzan, gogoratu dau tristezia keinu bategaz. Zorionez urte bi baino ez ziran izan, baina gogorra izan zan eskolea, etxeko zereginak eta ahiztea zaindu beharra bateratzea, ez deutsat inori hau opa. Eskolan izan zituan emoitza txarren erantzule egin dau egoera hori, ze azkenean unibersidadean ezin ikasita geratu zan. Azkenean biotako bat be ez da joan. Gure bizimoduaz ezin naz kexau, diru faltarik ez dogulako, baina hobea izan ahal zan formakuntza hobea jaso izan bagendu eta gurasoek ez bagintuen abandonau.

Hori entzutean, Wei Fangen amak jauzitxua egin dau: Sekula ez zintuegun abandonau, zuen onerako geratu zineen herrian. Hukou barik ezin izango zenduen Nanjing-eko eskolan ikasi. Ez zan erabagi erraza izan, errua gobernuarena eta legeena da, azpimarratu dau, malkoei eutsi ezinda. Weitarren zorionerako, euren eta alaben artean autoan ordu eta erdiko bidaiea baino ez egoan. Beste ume askorentzat, baina, distantziak milaka kilometrotan kontetan dira.

Aurten gobernuak erabagi dau atzean geratutako umeen kontzeptua barriro zehaztea. Adiera barriaren arabera, kategoria horretan sartzeko gehienezko edadea 18 urtetik 16ra bajatzen da eta Txinan 9 miloe ume baino ez dira bakarrik bizi, edo ezintasun bategaitik euren arduerea hartu ezin daben gurasoakaz. Global Times egunkari ofizialisteak berak onartu dauenez, 50 miloe baino gehiagoko jatsierea da aurreko zifreagaz alderatuta, baina adituek zifra zahar hori fidagarriagotzat dabe, Txinan 18 urte bete arte ez diralako edadez nagusi. Gauza guztien moduan, estadistikak moldatu egin leitekez, dino Xuk, baina garbi dago egoitza sistemak aldatu behar dirala.

Horren harira, organu legegile eta exekutibo nagusiek hukou sistemearen erreformea iragarri dabe behin baino gehiagotan. Agintari gehienak harago doaz eta sistemea guztiz ezabatzeko eskatzen dabe. China Daily egunkari ofizialak orain dala zortzi urte aurreratu eban sistemea bertan behera geratuko zala gehienez bost urteko epean. 2014an, Herri Asanblea Nazionalak sistemea kentzea onartu eban, baina oraindino martxan dago eta agintariak ikaraz dagoz, berau ezabatuta migrazino uholde bat gertatu leitekela uste dabelako, eta uriak ez dagoz horretarako prest.

Gero be, aldaketea pausoz pauso egingo dabe, eta probintziaka zehaztuko dabe pauso bakotxa. Helburua da, 600 miloe nekazariek 800 miloe uritarren eskubide berberak izatea. Bidezkotzat joten dogu, baina penaz hartuko dogu, herritik umeak be joango diralako. Zaharrak baino ez gara geratuko, noz hilko zain, urira ezin garelako ohitu, dino, etsipenez, Tandako amama batek. Arazoa da, azkenean ez dala esku nahikorik egongo lurra lantzeko, eta galipotak ez dau sandiarik emoten.

Ikusi argazki guztiak handiago

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu