Umeen eta gazteen literaturea protagonista, Bilboko Azkuna Zentroan
2016-12-13 08:16 KultureaUhartearen altxorra erakusketeari esker, ume eta gazteentzako euskerazko literaturearen historiatik ibilbidea egin leiteke, ilustrazinoen, pertsonaien eta liburuen bidez.
Azkuna Zentroak eta Dijitalidadea ekimenak alkarregaz sortutako erakusketea da Uhartearen altxorra. Umeek fantasia handia daukie eta mundua beste modu baten ikusten dabe, antolatzaileen esanetan, eta, horregaitik, eurentzako genero literario bat egotea funtsezkoa da. Dana dala, ume eta gazteen literatureak 200 urte baino ez daukaz, gitxiago euskerearen kasuan. Historia labur baina oparo horretatik egingo dabe bidaiea bisitariek Azkuna Zentrora hurreratu ezkero.
Olgetarako konbitea eginaz, baina gogoetara bultzatuaz, sasoi ugaritako literaturea ezagutzeko modua emoten dau erakusketeak. Besteak beste, abenturak, zientzia-fikzinoa, umorea, misterioa eta polizia-nobelak jorratu ditue. Erakusketan aitatzen diran liburuak Koldo Izagirrek aukeratu ditu eta Juanba Berasategi izan da zuzendari artistikoa. Ganera, ikus-entzunezkoak sortu ditue, Eriz Zapirainek zuzenduta. Gotzon Barandiaran izan da produktorea. Erakusketea iragartzeko bideoa, hemen.
Mundua ehun liburutan interpretetako helburua dau erakusketeak, antolatzaileek esan dabenez. Ikusleek bertan topauko ei ditue: Zortzi detektibe eta 11 pirata; 20 piztia eta 10 poema; 26 heroi txiki eta handi; 42 idazle eta 35 artista. Erakusketearen edukinak hiru formatutan zabalduko ditue: Batetik, paneletan. Bestetik, ikus-entzunezkoen bidez, eta baita tailerretan be.
Zezeilaren 28ra arte egongo da Bilbon Uhartearen altxorra erakusketea. Sartzea doban da. Ganera, bariku, zapatu eta domeketan bisitaldi gidatuak egongo dira, horreek be doban. Bisitaldiok ordubetekoak izango dira, euskeraz (informazino gehiago, hemen).
Era berean, ume eta gazteentzako euskal literaturea sakonago ezagutzeko zortzi tailer be antolatu dira. Euskeraz izango dira eta 6 eta 13 urte bitarteko umeei zuzenduta dagoz. Idazle eta ilustratzaileak izango dira tailerrotako gidari: Yolanda Arrieta, Maite Franko, Eider Eibar eta Patxi Zubizarreta. Informazino gehiago, hemen.
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!