Marc Houle, Mimoloco eta Christina Rosenvinge 2016ko azken Art After Dark saioan

Bizkaie! 2016-12-12 10:00   Musikea

Abenduaren 16an, barikuan, urteko azken Art After Dark saioa izango da Guggenheim Bilbao Museoan: Marc Houle Live, Mimoloco eta Christina Rosenvinge izango dira.

Christina Rosenvinge | Ikusi handiago | Argazki originala

Marc Houle Kanadan hazi zan, eta 1990eko hamarkadearen erdialdeko Detroit izan eban musika-erreferente. Bere lanak Chicagoren eta Detroiten eragina jaso dau, eta musika uritarra egiten dau, jokera barrietan inspirauta. Generoen arteko nahasketea nagusi da beti diferenteak diran bere zuzeneko emonaldietan. Houlek bide luzea egin dau, 1997. urtean Detroit 13 Below-ko klubean (Richie Hawtin-ena) egoiliar zanetik Minus ospetsuagaz bat egitera konbidau eben arte. Magda eta Troy Pierce-gaz batera, Items & Things bere disko-etxea zuzentzen hasi da barriro, Minuseko produkzinoak ahaztu barik, berak nahi dauena adierazoteko modu bat eukiteko. Items & Thing, bere lanak argitaratzen dituan etxea izateaz gan, Houleren zaletasun eklektikoak (disko-teknoa, esperimentala eta teknoa) batzen ditu, eta bere bidaietan egiten dituan musika-aurkikuntzetarako erakusleiho lez balio dau. Marc Houlek zuzeneko emonaldia eskainiko dau Guggenheim Bilbao Museoaren Atrioan.

Gaueko 23:00etatik aurrera, Mimolocoren txandea izango da. Museoko ikuskizunak aprobetxetan saiatzen da bere arpegi sofistikatuena eta esperimentalena erakusteko, baina bere ohiko eklektizismoa alde batera itxi barik; horretarako, musika-estilo diferenteetara joten dau: downtempo, future bass, deep house, glitch hop edo chill trap.

Gauari hasierea emongo deutsona, barriz, Christina Rosenvinge izango da. Hiru hamarkadatik gorako ibilbideagaz, eta Sonic Youth-en pedigridun rock-ean oinarritutako edo folk konfesionalean sakondutako kantutegiagaz, Rosenvinge nerabezaroko pop-etik bizirik atera eta pop independentearen –desilusinoak eta heldutasunak markautako egile-kantua– ikono bihurtu dan artista espainiar bakarra dala esan daiteke. Orain, Lo nuestro lana argitaratu dau. Berak, orain hile batzuk iragarri eban legez, disko honetan elektronika gehiago eta soinu psikodelikoagoa dago. Bertan, La tejedora izenburua daroan kantua sartu dau. Kantu hori Louise Bourgeois-en Ama eskulturan inspirauta dago. Eskulturea Guggenheim Bilbao Museoaren Bildumako piezatako bat da eta Museoaren ondoko urmaelaren alboan kokatua dago. Kasu honetan, Christina Rosenvinge Emilio Saiz gitarristeagaz batera agertuko da Museoko Atrioan.

Art After Dark saiora hurreratzen diranek, 22:00etatik 01:00era, zabaldu barria dan Hermann eta Margrit Rupf-en Bildumea, eta Francis Bacon: Picassotik Velazquezera erakusketez gozetako aukerea izango dabe; baita Sam Taylor-Johnson artista britainiarraren Hasperena (Sigh) bideoinstalazinoaz be.

Sarrerea (18 urtetik gorakoak): 13 € publiko orokorra eta 9 € Museoaren Lagunak. Ikusle kopuru mugatua. Salgai txarteldegian eta www.guggenheim-bilbao.es webgunean.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu