Ikutu elektronikoagoa bilatu dau Vendettak 'Bother' disko barrian

Dabi Piedra 2016-12-02 12:42   Musikea

Euren ohiko estiloari buelta batzuk emon eta disko biribila sortzea izan da Vendettaren asmoa. Estetika futuristadun Bother da emoitzea, hamar kantako bildumea.

Vendettako Enrikko Rubiñas eta Pello Reparaz, Durangon egindako aurkezpenean | Ikusi handiago | Argazki originala

Durangoko Azokeagaz bat eginaz, Zugaza zinema-aretoan aurkeztu dau Vendettak bere ibilbideko bosgarren diskoa. 2007an sortu zan talde nafarra eta, hamar urte betetear dala, euren ohiko estiloa egokitu nahi izan dabe. Ska doinuetan oinarritutako musikea topauko dabe zaleek Bother diskoan be, baina oraingoan ikutu elektronikoa sekula baino nabariagoa dala azpimarratu dabe taldekideek.

Soinuari bakarrik ez, diskoaren inguruko elementu guztiei be buelta bat emotea izan da Vendettaren asmoa, estetikeari adibidez. Dana alkarlotuta egotea bilatu dogu, disko biribila izatea, azaldu dau Pello Reparaz kideak. Estetika futuristea emon deutsie diskoari eta bideoklipak be bide horretatik doaz.

Bother izena, ostera, Bother the police abestitik atera dabe, hau da, diskoko lehenengo singletik. Poteareagaz gogaituta dagozala adierazo nahi izan dabe holan. Berba horrek ondo laburtzen dau diskoaren funtsa, dino Reparazek. Egunerokotasuneko gaiak landu ditue batez be: Kanta batzuetan estetikeari emon deutsagu lehentasuna, baina badagoz kanta sakonak be.

Diskoko hamar abestiak barriak dira, diskorako sortuak. Ohiko moduan, euskeraz eta gaztelaniaz kantau dau Vendettak Bother-en, eta ingelesa be tartekatu dabe. Los Chicos del Maiz taldeko Toni Mejiasen kolaborazinoa euki dabe Pao Pao Pao abestian.

Behin diskoa kalean dagoala, zuzenean aurkeztu aurretik lasai ibiliko da Vendetta. Martiaren amaiera aldera hasiko dira Bother kontzertuetan aurkezten. Martiaren 30ean izango dabe lehenengo emonaldia, Bilboko Kafe Antzokian eta, biharamunean, martiak 31, Donostiako Dokan kantauko dabe.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu