Manu Chaoren eta Fermin Muguruzaren kolaborazinoa izan dau Skakeitan-ek 'Galera' diskoan

Bizkaie! 2016-12-01 11:48   Musikea

Bederatzi abestiko diskoa aurkeztu dau Donostiako taldeak. Estiloan garapen bat egon dan arren, oinarrian beti-betiko Skakeitan dagoala ziurtatu dabe taldekideek.

Skakeitan-eko kide batzuk, San Juan baleontzian (argazkia: Mendi Urruzuno/Albaola) | Ikusi handiago | Argazki originala

Pasaiako Albaola itsas-faktorian aurkeztu dau Galera diskoa (Mauka) Skakeitan-ek, San Juan baleontziaren erreplikan. Izan be, galtzearen idea dakar burura Galera izenburuak, baina itsasontzi klase bat be bada galerea. Orekariak plazaratu eta urte bira, disko biribila dakar orain taldeak.

Ska doinuak dira taldearen oinarrietako bat baina, oraingoan, garapen bat izan dau euren estiloak. Oraindino ska musikearen eragina nabarmena da, baina aldaketak egon dira. Taldekideen esanetan, soinu barria dauka Galera-k, ezelako lotura barik eurek sortua, askatasunetik. Iraultza baten modukoa izan da. Skakeitan-en nortasunari eutsi deutsie, baina.

Urtebeteko prestakuntzan, abesti bakotxa goitik behera lantzeko ahalegina egin dabe. Holan, sakontasun handiko lana da Galera eta, taldekideen esanetan, orain arteko osoena. Bederatzi kanta dakarz diskoak. Ez dira asko, baina sekula baino lan gehiago egin dabela ziurtatu dabe.

Ganera, goi mailako musikarien kolaborazinoak izan ditue abesti batzuetan. Nazinoarteko ospea daukien Manu Chao eta Fermin Muguruza dira, beharbada, nabarmenenak. Baina ganerako kolaboratzaileek be ibilbide oparoa daukie: Aspencat, Asier Beramendi eta Itaca Band-eko Albert. Ganera, Laskorain Abesbatzeak be parte hartu dau.

Disko gitarreroa da Galera, ska ikutua alboratu barik. Ganera, soinu elektrikoak sartzeari ez deutsie uko egin. Horri hip-hopa, doinu jamaikarrak eta abar batu ezkero, fusino fresko baten parekoa da.

Durangoko Azokea aprobetxauko dau Skakeitan-ek disko barriko kantak jente aurrean aurkezteko. Mauka diskoetxearen erakusmahaian egongo dira eta, ganera, Plateruena Kafe Antzokian kontzertua joko dabe abenduaren 5ean.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu