'Epilogo bat' diskoa plazaratu dau Anarik
2016-11-30 08:35 MusikeaZure aurrekari penalak diskoan oinarrituta sortu ditu beste sei kanta Anari Alberdik. Bidehuts diskoetxearen eskutik dakar lan barria.
Aurreko diskoko kantak emonaldiz emonaldi aurkezten gustura ibili zan Anari eta, hurrengo proiektuari heltzeko unean, aurrekoaren bidetik jotea erabagi dau. Zure aurrekari penalak diskoan sortutako giroa, uniberso musikala, dira Epilogo bat lan barriaren oinarria. Izenburuak berak be adierazoten dau aurrekoaren segidako bat dala hau, proiektu ha aho zapore gozoagaz biribiltzeko ahalegin gehigarria.
Epilogoa izeneko kantua eukan Anarik, hain zuzen, aurreko proiektutik gordeta. Zure aurrekari penalak-en ezin izan eban sartu azkenean eta disko barriko abiapuntu bihurtu dau. Udan sortutako beste bost kanta be sartu ditu Epilogo bat-en. Iraupenez disko laburra da, baina Anarik azpimarratu dau, atzean daukana kontuan hartuta, disko luze-luze baten parekoa dala.
Pozik dago Anari emoitzeagaz. Bere entzuleei egindako oparitzat aurkeztu dau Epilogo bat. Espero barik heldu da disko barria, ganera, grabetan ebilela ez ebalako publiko egin. Askatasunez sortu nahi izan dauelako gorde dau sekretua.
Diskoa grabetako orduan, aurreko proiektuetako lantaldea izan dau Anarik alboan: Borja Iglesias gitarran, Mikel Abrego baterian, Mariano Hurtado tekladuetan eta Xabier Olazabal baxuan. Kolaboratzaile batzuk be izan ditu, esaterako, Joseba Irazoki, Ander Mujika eta Ruben Garatea. Andoaingo Garate estudioan grabau dau Anarik Epilogo bat, irailean.
Donostiako Bukowski aretoan bihar, abenduak 1, emongo dauen kontzertuaz gan, Anarik ez dauka diskoa aurkezteko birarik egiteko asmorik, oraingoz.
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!