Sentimenduz betetako diskoa dakar Hesian taldeak
2016-11-30 12:30 MusikeaHamar urte bete ditu Sakanako taldeak eta disko barriagaz ospatuko dau. Ganera, abenduaren 4an kontzertu berezia emongo dau Hesian-ek Durangoko Plateruenan.
Bederatzi abesti daukaz Hesian izeneko disko barriak, horreetatik zazpi barriak eta beste bi taldearen aurreko diskoetako bersinoak. Baga-Biga diskoetxeko Ritxi Aizpururen esanetan, orain arteko diskorik biribilena da Hesian-en zazpigarrena, baita sentikorrena be. Gure letretan beti dago sentimendua, baina oraingo honetan % 100ean biluztu gara, adierazo dau Zuriñe Hidalgo taldeko abeslariak.
Disko gorabeheratsua, noria baten modukoa, da Hesian, Hidalgoren ustez. Izan be, kanta lasaiak eta gogorrak tartekatzen dira. Abesti bakotxa mosu berezi baten modukoa da, ganeratu dau Fran gitarra-jole eta abeslariak, batzuk goxoak dira eta beste batzuk pasinozkoak. Mota guztietako maitasunak daukan garrantziaren ganeko kantak dirala dino Zuriñe Hidalgok, barru-barrutik urtendakoak.
Rock oinarria ahaztu barik, pop musikarako jokerea dauka Hesian-en zazpigarren diskoak. Ez da nahita egindako aldaketea izan, holan urten dau. Batzuek esango dabe poperoegia dala, edo komertzialegia, baina holan atera da, dino Franek. Kritika batzuk jasoten baditue be, gustura hartuko dituala dino Franek, kritikak eukitea be ez da seinale txarra.
Amua izenburuko kanta instrumentalagaz hasten da diskoa. Bruno de Zabala baxu-joleak konposatutako piezea da. Franek beste hiru kanta sortu ditu eta Zuriñek beste horrenbeste. Taldekideek onartu dabenez, oraingoan ohi baino kanta leunagoak egin ditu Franek eta, Zuriñek, ostera, kontrako jokerea euki dau.
Ganerako biak Hesian-en ibilbidean esanguratsuak izan diran kanten bersinoak dira. Horreetako bat Behar zaitut da, taldea ezagun egin ebana. Sorkunek eta Pettik kolaborau dabe abesti horretan. Bestea, Ezin ahaztu, mugarria izan zan orain dala bost urte inguru, taldea berregituratzen egoanean (besteak beste, orduan sartu zan Zuriñe Hidalgo). Bersino barri honetan, goitik behera aldatu dogu, pop balada bihurtu arte, azaldu dabe Hesian-ekoek.
Hemen naiz kantearen bideoklipa be plazaratu dau Hesian-ek (hemen).
Hamar urte beteta, aurrera segitzeko gogotsu dago Hesian. Hamarkada baten zazpi disko atera ditue: Astoen modura lan eginda lortu dogu hori, orduak eta orduak estudioan sartuta, beti gagoz gauzak egiteko gogoz, azaldu dau Franek. Diskoakaz irabazten dogun diru apurra hurrengo proiektuak pagetako erabilten dogu eta horrek aukerea emoten deusku lan gehiago sortzeko, ganeratu dau Zuriñek. Aldaketak egongo dira taldean, orain arte baxu-jolea, Bruno de Zabala, teknikari hasiko dalako. Haren ordez, Ane Bastidak hartuko dau Hesian-eko baxuaren ardurea.
Hamargarren urteurreneko ospakizunak biribiltzeko, kontzertu berezia emongo dau Hesian-ek Durangoko Plateruena Kafe Antzokian, domekan, abenduak 4. Disko barria aurkezteko ez eze, urtebetetzea ospatzeko izango da. Musikari eta lagun asko konbidau doguz, harro gagoz, dino Zuriñe Hidalgok.
Honeek joko dabe Hesian-egaz batera Plateruenan: Xabi Solanok, Ines Osinagak, Sorkunek, Naroa Gaintzak, Pettik, Alex Sarduik, Betagarriko Iñakik, Kaotikoko Jonyk, Aitor Gorosabelek eta abar.
Kontzertu berezian alboan izango dituenen mailea azpimarratu dau Franek: Hesian sortu zanean jakin izan bagendu Aitor Gorosabel edo Sorkun izango genduzala ondoan gure abestiak kantetan, ez genduan sinestuko. Gure erreferenteak dira, ahaztezina izango da.
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!