Euskal Herri guztiko 52 artisauren lanak, Durangoko 21. Euskal Dendan

Bizkaie! 2016-11-30 08:10   Kulturea

Abenduaren 2tik 6ra egingo dabe, Arbaso alkarteak antolatuta, Durangoko udal merkadu plazan. Artisautzearen sektorea bizi-bizirik dagoala aldarrikatuko dabe.

Arbaso alkarteko ordezkariak, Euskal Dendako kartelagaz | Ikusi handiago | Argazki originala

Antolatzaileen esanetan, azokea finkatuta dago, hamarkada bi baino gehiagoko ibilbidearen ondorioz. Bisitariek bertatik bertara ezagutu ahal izango ditue artisauek sortutako produkturik onenak eta sektorea, krisiak krisi, bizirik dagoala ikusiko dabe. Igaz 23.000 bisitari egon ziran eta antolatzaileek uste dabe kopuru hori gainditzeko moduan dagozala.

Euskal Dendeak daukan arazo nagusia espazioa da. Artisautza azokeak ez dauka hazteko lekurik. Hortaz, ez dira igaz baino artisau gehiago etorriko, baina lanbidea gaur eguneko beharretara egokitzen eta bide barriak topetan dabilzan artisten alde egitea erabagi dabe. Hartara, igaz egon ez ziran 17 erakusle datoz aurten Durangora.

Guztira, 52 sortzaile egongo dira Euskal Dendan, Euskal Herriko txoko guztietatik etorritakoak. Zuberoakoak ez, beste lurralde guztietako ordezkariak egongo dira. Artisau gehienak bizkaitarrak izango dira, 24, tartean Durangaldeko sei. Zeramikea, ehungintzea, bitxiak, elikagaiak, egurra, narruzko objektuak... gustu guztietarako produktuak eskainiko ditue euskal artisauek. Jalgi hadi mundura... izango da Euskal Dendearen 21. edizino honetako leloa.

Era berean, 2005etik urtero egiten dauen legez, Arbaso alkarteak Artetsu sariak banatuko ditu Euskal Dendan. Bizitza osoko lanaren saria Maria Jesus Cortabitarteri emongo deutsie. Euskerea sustatzen eta tradizinoak gordeten egindako lanagaitik emoten dana, Etxepare Euskal Institutuari. Erakunde lagunen saria Iurretako Udalak jasoko dau eta hedabideena Durango Telebistak. San Agustin kulturgunean emongo ditue sariak, barikuan, hilak 2, egingo dan ekitaldian.

Artisauen lanak ikusteaz batera, Euskal Dendara hurreratzen diranek jarduera ugaritan parte hartu ahal izango dabe. Ekintza honeen helburua da, produktoreak bertatik bertara ezagutzeaz ganera, bisitariek artisauen jarduna zelakoa dan jakitea. Besteak beste, bertoko garagardo artisauen lehiaketea egingo da. Ganera, artisau despistatuaren eta erakustokirik onenaren sarietan botoa emon ahal izango dabe bisitariek.

Abenduaren 2tik 6ra egongo da zabalik Euskal Dendea. Goizetan, 11:00etatik 14:30era; arratsaldez, 16:30etik 21:00etara. Azken egunean 20:00etan zarratuko dabe. Durangoko Azokeagaz bat egiten dau Euskal Dendeak, urtero legez. Holan, Landako guneko kulturearen plazara hurreratzen diranek, kulturearen beste adierazmolde bat ezagutu ahal izango dabe, artisautzea.

Informazino gehiago, hemen.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu