Asmo didaktikodun 'Trikitixa liburua II' argitaratu dau Xabi Solano Maizak
2016-11-29 08:23 MusikeaBerak konposatutako 15 kantaren partiturak dakarz liburuak, baita horreek entzuteko CDa be. Ganera, Ereñotzu diskoa be plazaratuko dau.
Proiektu ludiko eta didatikoa da Trikitixa liburua izeneko hori. Xabi Solano Maiza musikari eta abeslariak orain dala urte batzuk atera eban egitasmo horren lehenengo alea. Partitura-liburua zan funtsean eta arrakasta handia euki eban. Hari horretatik tiraka, osoagoa da orain dakarren Trikitixa liburua II: Partitura idatziak ez eze, CDa eta material osogarria dakarz. Elkar eta 5Gora etxeek bat egin dabe argitalpena kaleratzeko.
Solanok berak konposatu ditu liburu eta CD barriko 15 kantak. Liburuan topauko ditu irakurleak horreen partiturak eta zifraduak. Era berean, CDan 15 kantak entzuteko modua izango da, Xabi Solanok jota. Material gehigarriaren artean dagoz argazkiak, irudiak eta abar.
Trikitixa liburua proiektuaren bigarren aleaz gan, Ereñotzu diskoa atera dau kalera Xabi Solanok. Bere jaioterriaren izena daroan disko horretan, soinu txikiagaz olgetan dau Solanok. Kolaboratzaile ugari izan ditu: Kepa Junkera, Joxan Goikoetxea, Kristina Solano, Arkaitz Miner, Jon Garmendia Txuria... Azken horrek idatzi ditu diskoko hainbat kantaren berbak.
Kantu guztiek bere bizitzeagaz zerikusia daukiela dino Solanok. Barrutik urten jakozan piezak dira, haren autobiografia bat balitz legez. Diskoari izena emoten deutsan Ereñotzu da berezienetako bat, Hernaniko auzo horretan jaio zalako Xabi Solano. Txikitako gomutak batu ditu abesti horretan. Ganera, senideei, gurasoen etxeari eta abar eskainitako piezak be badagoz.
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!