Agur Etsaiak, ondo etorri EtsaiakEroak
2016-11-28 13:56 Musikea30 urteko ibilbidea amaituko dau Lekeitioko banda mitikoak. Haren ordez, baina, EtsaiakEroak lekukoa hartzeko prest dago.
Transizino arina egongo da Etsaiak proiektutik EtsaiakEroak barrira. Originalak azkenengo diskoa plazararatzeagaz batera urten dau ondorengoen lehenengoak be. Hortaz, Etsaiak taldearen zaleek sorpresa bikotxa daukie oraingoan: Bukaeraren hasiera izeneko disko laburra dakar Etsaiak-ek eta Naufragoak izenekoa EtsaiakEroak-ek. Biak atera ditue Baga-Biga diskoetxeagaz.
Funtsean, Etsaiak-en oinarritzen da EtsaiakEroak. Auo ahotsa buru dala, lehengo taldekideek segiduko dabe egitasmo barrian, Paul eta Iñigito salbuespen dirala. Estilo aldetik be, Etsaiak-ek 30 urteko bidean sortutako ondareari helduko deutsie. Auok berak azaldu dauenez, zarata aldarrikatzailea egiten segiduko dabe. Letretan kritikea, burrukea eta aldarrikapena dagoz, dino lekeitiarrak.
Etsaiak proiektua amaitzear dagoan arren, taldekideek ezin dabe oholtzea albo batera itxi. Musikeak manteniduten gaitu gazte eta ero, horregaitik gara orain EtsaiakEroak, dino Auok. Etsaiak-en naufragoak gara, ganeratu dau. Hortik dator diskoaren izena. Bost kanta dakarz lan barri horrek, betiko hardcore, zarata eta punk doinuak ardatz.
Hilabete pasautxuan grabau eta editautako diskoa da Naufragoak. Etsaiak eta EtsaiakEroak-eko baxujole Jorgeren esanetan, transizinoa arin egin nahi izan dabe. Hau arin doala erakutsi nahi dogu, aktibo gagozala. Auok ganeratu dauenez, Etsaiak-etik biziraun dogunok egurra emoteko prest gagozala erakutsi nahi dogu.
Eguaztenean Barakaldoko Clara Campoamor aretoan emonalditxu bat egingo dau EtsaiakEroak-ek, proiektu barria jentearen aurrean aurkezteko. Bira nagusia, baina, 2017an eta 2018an egingo dabe. Euskal Herriko uri handietan joteko asmoa daukie, baita Bartzelonan, Madrilen, Kuban, Mexikon eta beste hainbat lekutan be.
Etsaiak 1987an jaio zan Lekeitioko gaztetxean eta, hiru hamarkada pasauta, agur esateko ordua heldu jako. Alde batetik, azken kontzertu bat emoteko asmoa daukie 2017ko abuztuan, 30. urteurrenagaz bat eginda, leku bereziren baten, beharbada Lekeition bertan. Bestetik, hiru kantako azken diskoa argitaratu dabe, Bukaeraren hasiera izenekoa. Durangoko Azokan doban banatuko deutsie zaleei. 30 urte eta gero, opari hori egingo dogu, dino Auok. Halandabe, Etsaiak-en zaleek badaukie zeri heldu, EtsaiakEroak egitasmo barriari esker.
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!