Zazkel talde bilbotarrak irabazi dau 8. Banden Lehia

Bizkaie! 2016-11-28 08:39   Musikea

Boto guztien % 42,15egaz, Zazkel taldea izan da da irabazlea. Ondoren, Izeberg taldea, % 25,40gaz eta Hi Exekutibo oso hur, % 21,83gaz; Sutan % 10egaz. 

Euskerazko musikea eta talde barriak sustatzen dituan Banden Lehia txapelketearen 8. edizinoaren finala joandako barikuan izan zan Bilborock aretoan. Sutan, Zazkel, Hi Exekutibo eta Izeberg izan dira talde finalistak eta Zazkel taldeak irabazi dau, publikoaren eta epaimahaikideen botoei esker.

Azkue Fundazinoa antolatzaile dala, Banden Lehiak euskerazko rock musika era barritzaileak sustatzea dau helburu. Egitasmoak euskerea, musikea eta teknologia batzen ditu. Esangura horretan, lehenengo fasean taldeek internet bidez izena emoten dabe lehiaketearen webgunean eta publikoak euren gogokoenak diranak bozkatzen dau. Boto horreen arabera talde bat sailkatzen da; beste hiru talde finalistak epaimahai profesionalak aukeratzen ditu.

Kontuak kontu, aurten Zazkel eta Sutan talde bilbotarrak eta Zumarraga-Urretxuko Hi Exekutibo eta Usurbileko Izeberg izan dira finalistak. Liher, Huts, Irauk, BiHozkada... Danetara, 22 taldek emon dabe izena eta aniztasuna izan da nagusi, bai jatorri aldetik eta bai musika estilo aldetik be. Lehenengoari erreparauta, Hego Euskal Herri eta Nafarroatik heldutako taldeez gan, aurten be, iparraldeko talde batek emon dau izena. Estiloari jagokonez, anitza izan da aurkeztutako taldeek joten daben musikea: ska, metala, reggae, popa, rocka...

Aurtengo epaimahaia Ritxi Aizpuruk [musika editorea; Baga Biga diskoetxeko arduraduna], Ines Osinagak [Gose taldeko kidea], Zuriñe Maguregik [Gaztezulo aldizkaria] eta Borja Vaquerizak [Last Tour International] osotu dabe.

Botoa emoteko sistemea be teknologiari estu lotuta dago eta aurtengo edizinoan be, finaleko botazinoa Twitter bidez bideratu dabe. Hasieratik botoen zenbaketa sutsua izan da. Edizino honetan be publikoaren bozketa sisteman Twitter erabili ahal izan da. Taldeek txio kopuru bat argitaratu behar eben eta publikoak txio horreek birtxiokatuta emotn eutsen botoa. Erabiltzaile bakotxak behin baino ezin eban txio bakotxa birtxiokatu.

Danetara, 5.889 txio bialdu ziran finalean zehar. Publikoaren botoek erabagiaren % 40 eragin dabe; epaimahaiaren erabagiak beste % 60. Eta lan handia izan dau epaimahaiak edizino honetan, lau taldeak maila haindikoak baitira. Publikoaren botoei esker, Zazkel taldeak lortu dau birtxio kopuru gehien, 2.672, hain zuzen be. Izeberg, taldea ondoren 1.531gaz; eta ondoren Sutan, 1005 birtxiogaz; azkenik, 681 izan zituan Hi Exekutibok. Epaimahaiak, bestalde, aho batez erabagi dau Zazkel taldea dala irabazlea.

Beraz, boto guztien % 42,15egaz, Zazkel taldea izan da da irabazle. Ondoren, Izeberg taldea, % 25,40gaz eta Hi Exekutibo oso hur, % 21,83gaz; Sutan % 10. Beraz, Zazkel taldeak irabazi dau 8. Banden Lehia eta datorren urtean Bilbotik, Santutxutik, etorriko jaku uztea, disko formatoan.



Bestalde, Bilborocken ospatutako ekitaldian lau talde finalistek zuzenean jo eben. Oihan Vega esatariak aurkeztutako ekitaldia izan zan eta lau musika banda finalisten kontzertuez gan, Enkore taldearen kontzertua be izan zan. Giro ederraizan zan gau osoan zehar eta lau talde finalisten arteko giroa oso ona izan zan, Emakumeakanako indarkeriaren kontrako Nazioarteko Egunaren ganeko aitamenak eta ensaioetarako lokalen erreibindikazinoak entzun ziran.

Izeberg taldea izan zan kontzertua emoten lehenengoa, ekitaldia hasi baino lehen egindako joteko ordena ezarriko eban zozketan erabagi legez. Hi Exekutibo taldeak jo eban bigarren eta ondoren Zazkel taldeak; talde finalisten emonaldiak Sutan taldeak zarratu zituan.

Bilborock beteta egon zan gau osoan zehar, bai finaleko kontzertuak jarraitzeko hurreratutako jarraitzaile eta musika zaleakaz, baita Enkore taldearen birako azken kontzertua ikustera joandakoakaz be. Enkorek kontzertu zoragarria eskaini eban eta hasieratik publikoa bereganatuz.

Lau taldek Banden Lehiako antolatzaileok produziduten dogun lehiaketako disko bildumaren zenbait ale jaso ditue. Eta Bilboko Zazkel talde irabazleak aparteko sariak eskuratu ditu horrezaz gan. Banden Lehiari esker 2017ko Bilbao BBKLive eta Bartzelonako Euskal Herria Sona jaialdietan joko dau; eta Baga Biga musika ideiak diskoetxeagaz disko bat argitaratuko dau. Lan barri hori datorren urteko udagoienean izango da plazan.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu