Hondarribiko alardera begira jarri da Arantxa Urretabizkaia, 'Bidean ikasia (1993-2016)' liburuan
2016-11-25 08:34 KultureaAlarde parekidean parte hartzen hasi zanetik bizitako gorabeherak, pasautako ikarea eta izandako pozak azaldu ditu Arantxa Urretabizkaiak. Pamielagaz argitaratu dau lan barria.
Bere bizipenetatik abiatu bada be, fikzinoa be badauka Bidean ikasia (1993-2016) liburuak. Kronikea, fikzinoa eta saiakerea nahasten dituan lana da, autorearen esanetan. Kronikea erabili dau kanpoko irakurleari Hondarribiko alardearen ganeko detaileak azaltzeko eta azken hamarkada biotan Jaizkibel konpainiaren inguruan sortutako giroa agertzeko. Fikzinoa, ostera, errealidadea erakusteko tresna egokia begitandu jako, askotan pertsonaien pentsakerea azaltzeko biderik egokiena dalako. Azkenik, saiakerearen formatua erabili dau gogoetarako.
Kronikak, fikzinozko zatiak eta gogoetak tartekatu egin ditu eta kontakizunari erritmoa emon deutso, atal bakotxari gehienez hiru-lau orrialde eskainiaz. Prosa zuzen eta garbia erabili dau, ideak zehatz adierazoteko. Kazetaritzea eta fikzinoa buztartuta, Arantxa Urretabizkaia bere osotasunean topauko dau irakurleak hemen.
Izenburuak dinoan legez, 1990eko hamarkadatik hona ikasi dauena batu nahi izan dau liburuan. Alarde parekidea kalera urten zanetik egindako bidea eta prozesu horretan bizi izandakoak dira ardatza. Alarde bidezkoago baten aldeko burrukeak mina eta poza, biak ekarri deutsoz Urretabizkaiari, eta bietatik asko ikasten dala dino. Berak hamarkada bian ikasitakoa besteentzat baliagarri izatea, horixe liburuaren helburua, autorearen esanetan.
Bidean ikasia (1993-2016) liburuan personen jarrerek pisu handia daukie. Irainduez eta iraintzaileez egiten dau berba Urretabizkaiak, desadostasunez eta etsaitasunaz be bai. Horrezaz gan, egindako bideak ekarri deutsazan lagun barriak gogoan hartu ditu eta bildurrari aurre egiten ikasi dauela dino.
Urretabizkaiak aspalditik izan dau honelako lan bat idazteko gogoa. Liburuaren aurkezpenean azaldu dauenez, Alardean lehenengoz parte hartu ebanetik ikusi eban horren ganean zeozer idatziko ebala. Halandabe, 2014ra arte proiektua ez zan gorpuztu. Orduan, Pamielakoek animau eben liburua idaztera eta, holan, 23 urtez bizi izandakoak batzeari ekin eutsan idazle gipuzkoarrak. Honelako lan batentzako forma egokia orain topau dauela dino.
Literaraturea da Bidean ikasia (1993-2006), Urretabizkaiak ziurtatu dauenez. Hau da, ez da kazetaritza lana eta ezta bere eretxia inposatzeko ahalegina be. Kronikea dago eta bere eretxia agertzen dau idazleak, baina funtsean literaturea egin nahi izan dauela adierazo dau.
Plastiko baltzen aurrean urtero desfilea eginda une gogorrak pasau dituan arren, Urretabizkaiak baikor izan nahi dau. Uste dau Hondarribian giro bareagoa dagoala orain eta gatazkea konpondu egingo dala.
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!