Ipar Euskal Herria protagonista, aurtengo Durangoko Azokan

Bizkaie! 2016-11-24 11:44   Kulturea

Lapurdi, Nafarroa Beherea eta Zuberoako 35 nobedade izango dira 51. Durangoko Azokan. EKEren eta Gerediagaren arteko hamar urteko lankidetzearen emoitzea da.

Nerea Mujika eta Pantxoa Etxegoin, Baionan egindako ekitaldian (argazkiak: Durangoko Azoka) | Ikusi handiago | Argazki originala

Durangoko Azokearen aurkezpenean aurreratu eben antolatzaileek, Ipar Euskal Herriari leku berezia emon nahi eutsiela. Christine Etchevers baionarrak egindako kartela aurkeztu eben orduko haretan, Iparraldeko artista batek Durangorako egin dauen lehenengoa. Orain, Baionan izan dira Gerediagako ordezkariak, aurtengo nobedade guztien barri emoteko.

Gerediaga alkarteko Nerea Mujika eta Euskal Kultur Erakundeko Pantxoa Etxegoin izan dira agerraldian. Alkarte bien arteko alkarlana orain dala hamar urte hasi zan eta, horri esker, Iparraldeko produkzinoak leku handiagoa dauka orain azokan. Urtero, nobedadeen % 10 inguru Lapurdi, Nafarroa Beherea eta Zuberoatik heltzen da. Ganera, hango sortzaileen parte-hartzea bultzatzen da, ekitaldi eta aurkezpenen bidez.

51. edizino honetan, antolatzaileek agindu dabe Ipar Euskal Herriaren presentzia handiagoa izango dala. Berbaldiak antolatuko dira hango egitasmo barritzaileen informazinoa emoteko (kultur alkargoa, lekuan lekuko telebistak...). Mahai-inguruak, ume eta helduentzako jarduerak, dokumentalen proiekzinoak eta abar ez dira faltauko. Guztira, 40 ekitaldi, Durangoko Azokearen bost egunetan banatuta.

Argitalpenei jagokenez, aurreko urteetako neurriari eutsiko deutsie, nobedade guztien % 10 inguru izango dira Iparraldekoak, 35 guztira: 19 liburu, 3 liburu-disko, 9 disko, 3 DVD eta urtero hutsik egiten ez dauen Seaskaren egutegia. Ipar Euskal Herriko sortzaileentzat bederatzi erakusmahai gorde dira, Goienaleko 21etik 29ra. 

Euskal Kultur Erakundeagaz gan, Ipar Euskal Herriko hamar eragile izango dira Durangon: Maiatz, Ikas, Gatuzain, Zortziko eta Elkar argitaletxeak; Agorila, ZTK eta Saroia diskoetxeak; eta Aldudarrak Bideo eta Iparraldeko Ikastolak bestelako egituren atalean.

Iparraldeak betidanik izan dau lekua Durangoko Azokan baina azken hamar urte honeetan areagotu egin dira, Gerediaga Alkarteak eta Euskal Kultur Erakundeak bermatzen daben parte-hartzeari esker, adierazo dabe erakunde bietako ordezkariek. Hegoaldeko eta Iparraldeko produktuak alkarren alboan ikustearen garrantzia azpimarratu dabe. Plaza betea izango da Durangoko Azoka eta aurten aberatsagoa, duda barik, Ipar Euskal Herriko proposamen anitzak kontuan hartuta, ganeratu dabe.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu