Juanjo Menak Espainiako Musika Sari Nazionala irabazi dau
2016-11-22 10:34 MusikeaOrkestra zuzendari gasteiztarraren ibilbidea nabarmendu dau epaimahaiak. Espainiako Hezkuntza eta Kultura Ministerioak emoten dau saria, urtero.
Arabako uriburuan jaio zan Juanjo Mena, 1965ean. Gasteizen, Madrilen eta Munichen ikasi eta gero, nazinoartean ibilbide oparoa egin dau, ospe handiko orkestrak zuzentzen. Bilboko Orkestra Sinfonikoko zuzendari artistiko izan zan lehenik eta behin (1999-2008), gero Bergen eta Genevakoetan be ibili da. BBC Philarmonic Orchestra-ko zuzendari titularra da gaur egun eta Berlingo orkestrako zein Cincinnatiko May Festivaleko lantaldeetan be badago. Nazinoarteko bira ugari egin ditu kargu horrrek dirala eta.
Espainiako Musika Sari Nazionaleko epaimahaiak Menaren ibilbide emonkorra saritu nahi izan dau eta, ganera, musika klasikoa eta garaikidea zabaltzeko egin dauen lana be txalotu dau. Zeregin horretan hartu dauen konpromisoa nabarmendu dau. Horren erakusgarri dira Juanjo Menaren zuzendaritzapean grabau diran diskoak. Garagarrilean Espainiako Orkestra Nazionalagaz argitaratu eban disko bat eta, gaur egun, BBC-ren orkestreagaz dabil hurrengoa grabetan.
Sariagaz batera, 30.000 euro jasoko ditu Juanjo Menak. Gasteiztarrak berak azaldu dauenez, dohaintzan emongo dau hori diru guztia, musikearen inguruko hezkuntzan erabili daiten. Arlo horretan beharrizan handia dagoala adierazo dau Menak. Bera umea zala, halako laguntzinoei esker hezkuntza musikala jaso ahal izan ebala kontau dau eta horregaitik halako inbersinoak behar dirala. Bestetik, Arabako Foru Aldundiak eta Gasteizko Udalak zorion mezuak bialdu deutsiez Menari.
Juanjo Menaren ibilbidearen eta diskografiaren ganeko argibide gehiago, bere webgunean.
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!