Artista gazteak eta izar beteranoak, BBK Jazz 2016 Erakustaldian

Bizkaie! 2016-11-21 10:25   Musikea

Barikuan eta zapatuan, hilak 25 eta 26, izango dira kontzertuak, Bilboko BBK Salan. Juan Ortiz, Blas Fernández eta Mikel Andueza egongo dira oholtzan, besteak beste.

Zazpigarren edizinoa beteko dau BBK Jazz Erakustaldiak. Aurtengo programarako, estiloen arteko nahastea dakar egitarauak. Etorkizun oparoko artista gazteak zein ibilbide luzea egin daben musikari beteranoak ekarten ahalegindu dira antolatzaileak. Euskal artistak zein kanpokoak dagoz tartean. Jaialdiaren helburua jazza publikoari hurreratzea da.

Egun bi eta lau kontzertu izango dira. Barikuan, zemendiak 25, Juan Ortiz Triok eta Andrzej Olejniczak-ek joko dabe lehenengo kontzertua. Juan Ortiz bilbotarra Japonian bizi da gaur egun eta azken urteetako euskal jazzaren sorpresa handienetako bat da. Bere disko barria, And the world is large, aurkezteko aprobetxauko dau BBK Salako hitzordua. Olejniczak saxofoi-jole poloniarraren laguntzinoa izango dau.

Horren ondoren, barikuan bertan, Blas Fernández bateria-jolearen txandea izango da. Honek be disko barria dakar besapean, Urbanetniko izenekoa. Jazza ez eze, beste estilo asko batzen ditu disko horrek, esaterako, folka, funka eta bluesa.

Zapatuan beste emonaldi bi izango dira, BBK Jazz amaitzeko. Ulrich Calvo Group-ek Slow life lana aurkeztuko dau eta Mikel Andueza Sextet-ek joko dau gero. Nafarroako saxofoi-jole hau Espainiako onenetako bat dala dino BBK Salak. Ganera, hilaren 26ko saio horretan, BBK Jazz sariak banatuko dira. Estilo horretako euskal musikaririk onenak saritzen dira hor, hainbat kategoriatan: Instrumentistarik onena, diskorik onena, Impulso saria eta epaimahaiaren sari berezia.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu