Mendia izango da datorren urteko Begira Photo jaialdiaren gai nagusia

Bizkaie! 2016-11-17 13:16   Musikea

Argazkilaritza garaikideari eskainitako topaketearen aurtengo edizinoa positiboa izan dala dinoe antolatzaileek. Begira Photok jente asko erakarri dau eta eztabaidarako gune bihurtu da.

Pablo Castillak jaialdian erakutsi dauen argazkietako bat (irudia: Begira Photo) | Ikusi handiago | Argazki originala

Durangotik inguruko herri batzuetara (Abadiño, Iurreta eta Zornotzara) zabaldu da aurten Begira Photo jaialdia eta badirudi barrikuntza horrek arrakastea izan dauela. Izan be, Kinua alkarte antolatzaileko arduradunek balantze positiboa egin dabe. Basoa gaia ardatz hartuta, aurreko asteetan egin ditue seigarren edizinoko ekitaldiak.

Asteburu honetan amaitu da Begira Photo. Antolatzaileek ohar baten azaldu dabenez, gaur egungo argazkigintzea erakusteko eta eztabaidea biztuteko gune legez finkatu da jaialdia. Egitarauko hiru berbaldiei zein erakusketei jagokenez, publikoaren erantzuna ona izan dala dinoe Kinua alkartekoek.

Durangoko Arte eta Historia Museoan egindako solasaldi fotografikoetan, 300 entzule baino gehiago egon dirala kalkulau dabe antolatzaileek. Bertokoak ez eze, Espainiako hainbat txokotatik etorritakoak izan dirala zehaztu dabe. Ganera, ziklo horretako berbaldi eta mahai-inguruetan argazkigintzearen arloko profesional eta aditu handiek parte hartu dabe, esaterako, Aitor Ortizek, Óscar Molinak, Eduardo Momeñek, Marta Dahók eta Laura Terrék.

Erakusketei publikoak emondako erantzunagaz be pozarren dagoz Begira Photoko arduradunak. Gitxi gorabehera, 20.000 lagun joan dira horreek ikusten. Mundu zabaleko hainbat artistaren argazkiak erakutsi ditue, danak gai bakarraren ingurukoak: Basoa.

Ganera, teknologia barriei esker, Durangaldetik kanpo egon diran beste 50.000 lagun inguruk disfrutau ahal izan dabe Begira Photoren eskaintzea. Internet bidezko konexino horreek atzerriko herrialde ugaritatik heldu dira.

Basoaren gaia landuta, Begira Photoren seigarren edizinoan ibilbide tematiko bati ekin deutso, gure lurraldearen izakerea aztertzeagaz lotutakoa. Gizakiak Lurrean dauen eraginaz gogoetea egitea da asmoa. Ildo horri segika, datorren urtean, zazpigarren edizinoan, Mendia izango da gai nagusia.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu