Mari Dapenaren artelanen erakusketea Bilbon, Batzar Nagusien egoitzan
2016-11-17 10:05 KultureaGrabaduaren inguruko FIG Bilbao jaialdiaren barruko erakusketea da Mari Dapena, lerro artean. Balmasedako artisteak diktadura garaian erakutsi eban konpromisoa agertu nahi da.
Ehun marrazki eta grabadu inguru batu ditue erakusketarako. Bilboko Hurtado Amezaga kalean Bizkaiko Batzar Nagusiek daukien egoitzan ikusi leiteke, urtarrilaren 8ra arte. Zemendiaren 17tik 20ra Bilbon egingo dan FIG jaialdiaren harira antolatu dabe.
Erakusketa honen bidez, Bizkaiko Batzar Nagusiek balioa emon nahi deutsie Mari Dapenak (1924-1995) sortutako artelanei. Balmasedako artisteak bere ibilbide artistiko guztian landu eban marrazkigintzea, batzuetan modu obsesiboan. Era guztietako eszenak irudikatu zituan, askotariko teknikak eta materialak erabilita. Obra bera hainbat formatutan lantzeko ohiturea eukan. Hori dala eta, grabaduan jasotako hainbat lan olio ganean edo egurrean egin zituan gero.
Bizkaiko Batzar Nagusiek azaldu dabenez, Francoren diktadurearen kontrako konpromiso aktiboaren alde egin eban Mari Dapenak. Kartzelan be egon zan, erregimenari kontra egiteagaitik, 1962tik 1964ra. Gizarte zuzenago baten alde lan egin eban eta, ondorioz, haren idea asko feminismotik eta ekologismotik hur dagoz. Dapenaren artelanetan eragina euki eben horreek idea guztiek.
Enkarterriko Museoan ikusi leitekez Dapenaren obrarik esanguratsuenetako batzuk, eta Batzar Nagusietako erakusketan ikusi leitekez horreetako batzuk. Bertan agirian geratzen danez, marrazketea, grabadua, olio-pinturea eta eskulturea landu zituan balmasedarrak batez be. Moldakortasun eta kalidade handiko artistea zala dinoe adituek. Agustin Ibarrolagaz eta Ismael Fidalgogaz batera, Bizkaian egindako lehenengo erakusketa ibiltariak bultzatu zituan Dapenak 1950eko hamarkadan. Hainbat mobimentutako kide izan zan (Estampa Popular de Bizkaia, Emen, Indar...).
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!