Martxan da Bizkaidatz Txikia literatura lehiaketea

Bizkaie! 2016-11-17 08:09   Kulturea

Laida Martinez Navarrok eta Xabier Olasok hasitako ipuinei amaierea idatzi beharko deutsie parte-hartzaileek. Lehen eta Bigarren Hezkuntzako umeek parte hartu leikee.

Lorea Bilbao Bizkaiko Kultura diputadua eta Laida Martinez Navarro idazlea | Ikusi handiago | Argazki originala

Hirugarren edizinora heldu da Bizkaiko Foru Aldundiaren Bizkaidatz Txikia lehiaketea. Helduen Bizkaidatz lehiaketan modura, honako honetan be, parte-hartzaileek amaierea topau behar deutsie idazle profesional batek hasitako istorioari. Ume eta gaztetxuen artean, irakurtzeko eta idazteko zaletasuna bultzatzea da lehiaketa honen helburua.

Euskerazko modalidadean parte hartu nahi dabenek Xabier Olasoren Paul eta sorginkeria-liburua istorioa izango dabe abiapuntutzat. Gaztelaniaz, ostera, Laida Martinez Navarrok hasitako El caso de Sopapos y su banda de matones amaitu beharko dabe neska-mutilek. Parte-hartzaile bakotxak lau edo bost orri idatzi beharko ditu. Idazleek proponidutako egoerak eta pertsonaiak garatzeko eta istorioari amaiera bat emoteko erea izango dabe.

Bizkaiko ikastetxeren baten izena emonda dagozan ikasleak aurkeztu ahal izango dira lehiaketara, Bizkaiko Foru Aldundiak azaldu dauenez. Eskuz zein ordenagailuz idatzi ahal izango dabe.

Irabazleak aukeratzeko orduan, kategoria bitan banatuko ditue parte-hartzaileak. Lehen Hezkuntzako 3., 4., 5. eta 6. mailetako ikasleak umeen kategorian sartuko dira. Derrigorrezko Bigarren Hezkuntzakoak, ostera, gazteen atalean. Bakotxak nahi beste idazlan aurkeztu ahal izango ditu eta, epaimahaiak holan erabagi ezkero, hizkuntza bietan irabazi leitekez sariak.

Dagoeneko zabalik dago lanak aurkezteko epea. 2017ko zezeilaren 17ra arte entregau ahal izango dira lanak. Horretarako, Bizkaiko Foru Liburutegiko herritarren arretarako bulegora jo behar da, Bilboko Diputazino kalean. 

Urterik urte, Bizkaidatz Txikia lehiaketan parte hartzen dabenen kopurua gorutz doa. Orain dala urte bi, lehenengo edizinoan, 186 idazlan aurkeztu ziran. Igaz, bigarren edizinoan, 194, horreetatik 90, euskeraz.

El caso de Sopapos y su banda de matones istorioaren hasikerea, hemen.

Paul eta sorginkeria-liburua istorioaren hasikerea, hemen.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu