Munduko eguzki teleskopiorik handienaren maketea Bilboko Injinerutza Eskolan ikusgai
2016-11-14 10:17 KultureaIdom enpresa bizkaitarraren proiektu enblematikoen inguruko erakusketan, San Mameseko estalki barriaren ganekoak be jorratzen ditue. Hilaren 17ra arte egongo da zabalik.
Maketak, argazkiak eta bideoak dagoz Estruktura berezien injinerutzea izeneko erakusketan, Idom enpreseak mundu guztian egin dituan proiektu ikusgarrienen barri emoteko. Bilboko Injinerutza Eskolako D eraikinean (sarrerea Torres Quevedo kaletik) ipini dabe eta hilaren 17ra arte sartu ahal izango da, doban.
Hawai uharteetan, Ozeano Barean, dago munduko eguzki teleskopiorik handiena. Ezaugarri teknikoen eta Idom enpreseak teleskopioaren eraikuntzan izandako parte-hartzearen ganeko informazino zehatzaz gan, maketa handi bat ipini dabe. Teleskopioaren egiturea detaile handiz ikusi leiteke, 1:50 eskalan egin dabe eta.
Teleskopio horren domoa 27x22 metroko pieza bat da eta Basaurin eregi zan, Idomen gidaritzapean. Gero, 2014an, Maui uhartera eroan eben, ganerako piezakaz lotzeko. Eguzkiaren irudi etenbakoa emoten dauen, baina erradiazinotik babesten dauen egiturea da domoa. Prozesu guztia azaltzen dauen bideoa ipini dabe erakusketan.
Beste alde batetik, San Mames futbol zelai barriko estalkia zabaltzeko lanetan be parte hartu dau Idomek. Euria zanean ikusle asko bustitzen zirala eta, jatorrizko estalkia luzatzea erabagi zan, injinerutza lan konplexu baten bidez. Kasu horretan, 1:30 eskalako maketea ipini dabe.
Berbaldi bi antolatu ditu Bilboko Injinerutza Eskoleak, zemendiaren 14rako eta 17rako. Lehenengoan, San Mamesen egindako lanaren barri emongo dabe Idomeko Javier Llarena injineruak eta Armando Bilbao injineru industrialak. Bigarrenean, teleskopioaz azalpenak emongo ditue Ibon Larracoechea eta Gaizka Murga injineru industrialek. Berbaldi biak 16:00etan hasiko dira.
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!