'Zerua gris dago' album ilustradua aurkeztu dabe Isaak Martínezek eta Liébana Goñik

Bizkaie! 2016-11-11 09:06   Kulturea

Umeentzako lan horrek Etxepare sariketea irabazi eban eta orain plazaratu dabe, Pamiela argitaletxearen eskutik.

Liébana Goñi eta Isaak Martínez (argazkia: Uberan.eus) | Ikusi handiago | Argazki originala

Nafarroan antolatzen dan Etxepare album ilustraduen X. sariketako epaimahaiak adierazo dauenez, testuaren eta irudiaren arteko orekea nabarmentzekoa da lan irabazlean. Patxi Zubizarreta, Mikel Valverde eta Yolanda Arrieta epaimahaikideek bagilean emon eben euren erabagiaren barri eta, harrezkero, Pamiela argitaletxea edizinoa preparetan ibili da. Dagoeneko kalean da Zerua gris dago.

Isaak Martínezek idatzi ditu liburuko testuak eta Liébana Goñi arduratu da marrazkiez. Esaldi arin eta sinpleen bidez, pertsonaiak trebetasunez deskribatu ditu Martínezek, epaimahaiaren esanetan, eta giro aproposa sortu dau: emoten dau isiltasuna entzun egiten dala, edur giroak koloreak indartu egiten dituala, adierazo dau epaimahaiak.

Erabilitako koloreak eta testurak aintzat hartuta, irudi oso aberatsak sortu ditu Liébana Goñik, epaimahaiko kideen ustez. Istorioa erakargarriago bihurtzen dabe marrazkietako detaileek, hainbat irakurketa egiteko bidea zabaltzen dabelako.

Zerua gris dago albumean laguntasunaren inguruko istorio bat kontetan da. Generoak eragindako aurreretxien kontrako aldarri isila dala dino Pamiela argitaletxeak. Liburuak zeru grisaren azpiko zelai zurian topau leitekeen bizitzeari gorazarre egiten deutso, kontu handiz, elur malutea edurtzara jausi ohi dan eran, eta hoztasunean lagun bat izateak ekar leikeen konplizidade koloretsua erakusten deusku, bardin deutso lagun hori neska ala mutila izan, azaldu dau Pamielak.

Umeei beren-beregi zuzenduta dago Zerua gris dago. Ingurune magiko batera eroaten ditu eta baloreak be ikasi leikeez modu atseginean. Erritmo lasaian irakurri eta ikusteko liburua da: Esaldi laburrak, onomatopeiak eta abar dira testuaren oinarria.

Zerua gris dago aurkezteagaz batera, Etxepare album ilustraduen 2017ko edizinorako deialdia egin dabe. Nafarroako hainbat udal eta mankomunidadek antolatzen dabe sariketea, Pamielaren laguntzinoagaz. 2017ko maiatzaren 19ra arteko epea daukie idazle eta ilustratzaileek euren proposamenak bialtzeko. Aurkeztutako albumetako testuak euskeraz izan beharko dira.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu