Hermann eta Margrit Rupf-en bildumako artelanak, Bilboko Guggenheim Museoan
2016-11-11 08:16 Kulturea1907 eta 2016. urteen artean egindako 70 obra batu ditue Guggenheim Museoko erakusketa barrian. Apirilaren 23ra arte egongo dira ikusgai.
Hermann eta Margrit Rupf artezaleak eta artista askoren lagun handiak ziran. Horregaitik, euren bildumarako artista ezagunen obrak erosten zituen eta, batzuetan, oparitu egiten eutsiezen. 20. mendearen hasikerako lanak dira batez be. Rupf-tarrak hil eta geroztik, Rupf Fundazinoa arduratzen da bildumea osotuteaz. Holan, mende oso bateko ikuspegi artistikoa emoten dau Guggenheimera ekarritako obra moltsoak.
Bilbon dagozan 70 artelanen artean, 20. mendearen hasikerako artistarik ezagunenen lanak dagoz: Pablo Picasso, Georges Braque, Juan Gris, Vasili Kandinski eta Paul Klee, besteak beste. Azken hori bikotearen lagun mina zan eta lantzean behin obra bat oparitzen eutsen.
Abangoardietako ordezkarien lana da bildumearen ardatzetako bat. 1990eko hamarkadan, ostera, minimalismoaren eta ZERO mobimentuaren barruko artisten lana erostera jo eban fundazinoak. Horregaitik, Bilbon ikusi leitekez Donald Judd, Joseph Kosuth, Brice Marden, Piero Manzoni, Luzio Fontana eta abarren sorkuntzak. 20. mendearen hasikerakoak zein garaikideak izan, bilduman arte konstruktibistearen eta kontzeptualaren aldeko jokerea ikusi leiteke.
Bildumarako pieza barriak erosteaz gan, ondare hori jagon eta zabaltzeaz arduratzen da Rupf Fundazinoa. Bilboko erakusketea be helburu horren barruan dago. Susanne Friedli da erakusketako komisarioa, fundazinoaren izenean; Guggenheimen partetik, Petra Joos dabil komisario.
Guggenheim Museoko 305, 306 eta 307. aretoetan dago erakusketea, 2017ko apirilaren 23ra arte. Arlo didaktikoa be landuko da, bisitaldi gidatuen bidez. Zemendiaren 23an, Petra Joos komisarioak emongo ditu azalpenak eta abenduaren 7an, Luz Maguregui museoko hezkuntza koordinatzaileak.
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!