Bernardo Atxagaren poemak eta Jabier Muguruzaren musikea bat eginda, 'Harriaren hiztegia' diskoan
2016-11-10 13:33 MusikeaUme eta gaztetxuentzako disko honetan bederatzi kanta alai dagoz. Naroa Zamorak eta Daniela Etxeberriak ipini dabe ahotsa.
Mara-mara egitasmoko bigarren alea da Harriaren hiztegia. Ume eta gaztetxuentzako diskoak sortzeko asmoz ekin eutsan proiektuari Jabier Muguruzak. Lehenengo diskoak Juan Kruz Igerabideren berbak eukazan eta, bigarren honetan be, euskal idazle ezagun baten poemak dagoz. Bernardo Atxagak hainbat poema idatzi ditu eta bederatzi aukeratu ditue, Jabier Muguruzak musikea ipinteko.
Easo Musika Eskolako Naroa Zamorak eta Daniela Etxeberriak ipini dabe ahotsa diskoan. Gaztetxuak dira biak eta esperientzia ederra izan dala dinoe. Oso polita izan da, honelakoak ez dira beti pasetan eta aprobetxau egin dogu, azaldu dau Zamorak. Tabakaleran izan zan grabazinoa eta oso ondo pasau genduan, barre asko egin genduzan, ganeratu dau Etxeberriak. Alboan izan dituen musikariak, ostera, esperientzia handikoak dira: Mitxel Longaron, Txema Garces eta Jon Mari Beasain.
Jabier Muguruzak deitu eutsanean, proiektuaren barri emoteko, Bernardo Atxagak baiezkoa emon eban. Normalean asmoei beti baietz esaten deutsiet, azaldu dau idazleak. Lehenengo emoitzea Harriaren hiztegia izeneko olerkia izan zan. Muguruza osasun arazoakaz ebile une baten bialdu eutsan lehenengo testu hori eta musikariak berehala ulertu eban idazlearen mezua: Aurrera egin behar zala, proiektuari ekin.
Ondoren, Atxagak beste poema asko idatzi zituan, hogei edo gehiago, esan dauenez. Gitxitan pasetan jat, baina buruko tapoia kendu neban, hainbat kanta idatzi nebazan segiduan. Pozik hartu eban inspirazinoaren etorrera hori, aspalditik nenbilen buruko tapoia kendu nahian. Diskorako, bederatzi kanta aukeratu ditue, danak ezin izan dira sartu.
Atxagak dinoanez, ez dau umeentzat beren-beregi idatzi, beste barik sormena lanean ipini dau: Ez dot gazteakan pentsau, nire burutazinoak beste edozein testutan legez atera dodaz. Urteen arabera jentea sailkatze hori ez ei dau oso gogoko. Halandabe, Jabier Muguruzak dino, Atxagaren testuak aproposak dirala eta magia daukiela. Letra zoragarriak dira, umeen munduagaz bat egiten dabe.
Musikeari jagokonez, Jabier Muguruzak alaitasuna izan dau gogoan moldaketak egiteko orduan. Ondorioz, grabaketan be giro bikaina egon dala dino irundarrak. Hori bai, lan gogorra be badagoala atzetik onartu dau. Naroa Zamorak eta Daniela Etxeberriak dinoe, Hontzak kantea izan dala abesteko gatxena, erregistroan gorabehera handiak ditualako.
Kalean da, horrenbestez, Harriaren hiztegia diskoa. Jabier Muguruzak dei egin dau diskoa ezagutzeko eta disfrutetako. Batez be, euren seme-alaben ardurea hartzen daben gurasoak izan ditu gogoan: Lan honetara hurreratu daitezala eskatzen deutsiet.
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!