Iragana eta oraina buztartuta, disko baikorra dakar Gari & Maldanberak

Dabi Piedra 2016-11-10 13:57   Musikea

Estutu Garik eta Maldanbera taldeak alkarregaz argitaratu daben lehenengo diskoa da. Soinu barrien bila, pop lasaia da nagusi lan honetako zazpi kantetan.

Gari & Maldanbera, Bilboko Arte Eder Museoan egindako aurkezpenean | Ikusi handiago | Argazki originala

Gariren hiru hamarkadako ibilbidean, diskorik bilbotarrena da Estutu. Izan be, produkzinoa eta grabaketea urian bertan egin ditu kantari gipuzkoarrak. Taldekideak be, Maldanbera hirukotea, Bilbon topau ditu. Natxo Beltran, Oier Aldekoa eta Miguel Moyano dira Maldanberako kideak. Emoitzea iraganera zein orainaldira begiratzen dauen diskoa da. Pasautako denporak gogoan, baina malenkonia barik. Iraganak orainaldian itxitako kargea onartu baina baikortasunez ekinaz.

Disko bitalista bat da hau, azaldu dau Garik, izan garena eta orain garena da kanten ardatza. Anjel Valdes Elkar argitaletxeko kidearen ustez, Gariren diskorik personalena da hau: Beretik asko ipinten dau beti, poztasunak, tristurak, ilusinoak... baina disko honetan sekula baino gehiago. Garik ganeratu dau, behin edade batera helduta, daukagun denporea aprobetxau behar dogula: Denporea arin doa, ez nago denporea galtzeko.

Gauza barriak probetako gogoz dabil Gari. Beste eremu batzuetan sartu nahi izan dot, kantak sortzean, soinua bilatzean eta lantaldea aukeratzean. Aurreko proiektu kolektiboa amaitu ebanetik, esperientzia barrien bila ibili dala adierazo dau: Hamar urte egin dodaz ikasten, hutsak egiten, eta uste dot heldutasun bat lortu dodala.

Aurreko diskoetako estilotik urrundu da, behinik behin. Maldanbera taldekoen tekladuek eta perkusinoak lagunduta, pop lasaia da Estutu diskoan nagusi. Rock estilotik aparte ibilteko gogoa euki dot, bide hori asko jorratu izan dot eta beste soinu batzuen bila ibili naz, azaldu dau abeslariak. Halandabe, Gariren beti-betiko ahotsa ez da desagertu. Anjel Valdesen ustez, ezaugarri nagusi bi ditu diskoak: Gariren ahots beroa eta kanten hurbiltasuna.

Zazpi kanta baino ez ditu diskoak, sartzeko moduko gehiago be euki dituan arren. Disko homogeneoa nahi izan dau Garik, hasikeratik amaitu arte hari bati segiduten deutsana. Horregaitik egin dau aukera hori. Sonoridade oso definidu bat dauka lan honek, homogeneoa da, entzuten dabenek ez dabe ustekaberik topauko kanta batetik bestera.

Iraganagaz eta orainagaz, bizitzan zehar izan dituan esperientziakaz olgaten dau Garik zazpi kantetan. Mezu garbi bat dago horren atzean, abeslariak zehaztu dauenez: Bizitzea estutu egin behar da onena ateratzeko, hortik izenburua. Gaur egungo musikarien egoereari erantzuteko, txikitasuna aldarrikatzen dau, ganera. Formatu txikian, baliabide gitxigaz jo nahi doguz kantak, Maldanberagaz lortzen dot hori. Txikitasunetik, duintasuna berreskuratuko dauela dino Garik, musikea momentu berezi baten dago, horri aurre egiteko eta burrukatzeko, onena ekipaje arina eroatea da.

Formatu txiki horregaz gustura dago Gari eta, hain zuzen, Estutu aurkezteko lehenengo kontzertua areto txiki baten emongo dau. Nafarroan, Garesko Vinculo etxean joko dau Gari & Maldanberak zemendiaren 26an. Abenduaren 26an Donostiako Victoria Eugenian izango da laukotea.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu